Naroa Valor: «Egunen batean pasarela famatu batean egotea da nire ametsa»

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 26a, 16:00
Naroa Valor.

Naroa Valor (Azkoitia, 2001) Miss Grand Euskadi 2019 lehiaketara aurkeztu da, Azkoitia ordezkatuz. Joan den astean izan zen finala Bilbon, eta «esperientzia ahaztezina» izan dela azaldu dio Maxixatzeni. Estetika eta edergintzako zikloa ikasten ari da. Bestalde, argazkilaritzak erakarrita, iaz argazkigintzako modelo ikastaro bat egin zuen agentzia baten bidez. Hala ere, hasieran argazkiak «ezkutuan» ateratzen zituela onartu du, «jendearen zeresanen beldur». Baina orain «pozik» dago, gustatzen zaiona egiten ari delako.

Nolatan aurkeztu zara missen lehiaketara?

Modelo mundua asko gustatzen zait eta aukera ederra izango zela pentsatu nuen lehiaketa horretan parte hartzea. Gainera, nire altuerarekin ez nuen uste inoiz pasarela batean parte hartuko nuenik. Izan ere, oso gutxi neurtzen dut, eta horregatik, hasierako castinga ez nuela gaindituko uste nuen.

Zer esaten dizute ingurukoek?

Familiak asko babestu nau. Hala ere, jende askok kritikatzen nau: ez saiatzeko eta gaizki joango zaidala esaten didate. Oso ofizio zaila eta gogorra da, baina asko gozatzen dut, eta nire hobby bat izatea nahi dut. Kritikatzen nauen jendeari ez diot utziko niri gustatzen zaidan zerbait egiten ez uzten. Mina ematen du horrelakoak entzun behar izateak, baina, aldi berean, indarra ere ematen dit aurrera jarraitzeko.

Otsailaren 22an izan zen Miss Grand Euskadi 2019 lehiaketaren finala. Nola joan zen?

Azken galara aurkeztu ginen hemeretzi lagunoi puntuazio bat eman ziguten epaimahaikideek, eta galaren bukaeran, lau finalista eta irabazle bat aukeratu zituzten. Ni ez nintzen sailkatu lehen hamahiruen artean. Hala ere, epaimahaikide batek hautatu nau bi pasarelatan parte hartzeko eta argazki sesio bat egiteko marka batentzat, eta oso eskertuta nago. Esperientzia ahaztezina izan da.

 

Nolakoa izaten da castinga?

Galdera hauek egin zizkidaten: gorputzaren neurriak, agentziaren bateko kide ote nintzen, lehiaketaren batean aurrez esperientziarik ba al nuen eta zein hizkuntza nekizkien. Horrez gain, neure buruaren deskribapen txiki bat egiteko eskatu zidaten.

Zein da zure helburua lehiaketa horretan parte hartuta?

Nire helburua gustuko dudana egiten jarraitzea da. Bizitzan askotan sentitu izan naiz gutxietsia; are gehiago, 12 urterekin bullyinga jasan nuen. Nahi nuena egiteko ez nuela balio sinetsarazi zidaten, eta uste horiei aurre egitea izan da nire erronka pertsonala.

Zer behar da missa izateko?

Ezaugarri fisiko onak izatea garrantzitsua da, baina ez da dena. Gogo askorekin aurkeztea, lehiakideak errespetatzea eta arduratsua izatea ere ezinbestekoa da.

Asko zaintzen al duzu zure burua?

Bai; neure burua eder ikustea gustatzen zait. Azala, esaterako, asko zaintzen dut. Horrez gain, detaile txikiak zaintzen ditut: azazkalak txukunduta izatea eta ahalik eta ondoen makillatuta egotea. Hala ere, elikadura aldetik, ez dut dietarik jarraitzen eta kirola ere apenas egiten dut.

Sare sozialei nolako erabilera ematen diezu?

Instagram da gehien erabiltzen dudana. Nire argazkiak argitaratzeaz gain, inspirazio iturri gisa ere erabiltzen dut. Astean behin argazki bat igotzea gustatzen zait. Gainera, markekin eta dendekin kolaboraziok egiten ditut.

Influencer gisa ikusten al duzu zure burua?

Oso zaila da maila horretara iristea; baina, zergatik ez? Asko gustatuko litzaidake, baina oraingoz urruti ikusten dut. Denbora asko eskaintzen diot Instagramari; argazki on eta politak, lan eta denbora asko eskatzen du.

Zein da zure ametsa?

Egunen batean pasarela famatu batean egotea, modelo edo makillatzaile bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide