Azkoitia Lagunkoiak egin duen diagnostikoa aurkeztuko du ostegunean

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 26a, 10:50
Udaleko eta Azkoitia Lagunkoia ekimeneko ordezkariak, udaletxean. (Argazkia: Udala)

'Azkoitia Lagunkoia' ekimenak diagnostikoa landu du Azkoitia zenbateraino den lagunkoia aztertzeko eta proposamen berriak jasotzeko. Ekimenaren asmoa da herria adin guztietako herritarrentzat eta bereziki, adineko pertsonentzat lagunkoiagoa izatea. Taldeak datorren ostegunean, otsailak 28, Elkargunean aurkeztuko ditu diagnostikoaren emaitzak, 18:00etan.

Azkoitia 2017ko maiatzean batu zen Euskadi Lagunkoia Sustraietatik ekimenera, eta ordutik lanean dihardu taldeak. Ostegunean aurkeztuko duten diagnosia 589 lagunek parte hartu dute galdeketetan jasotako erantzunen emaitza da. Guztira zortzi ikerketa eremu jorratu dituzte diagnostikoa osatzeko.

Landutako lehen hiru gaiak dira aire zabaleko espazioak eta eraikinak, garraioa eta etxebizitza. «Herriko ingurune fisikoaren funtsezko ezaugarriak jaso dira, eragin handia baitute pertsonen mugikortasunean, segurtasunean, osasunaren sustapenean eta gizarte partaidetzan», azaldu dute ekimeneko lagunek.

Hurrengo hiru gaiek, —sareak eta gizarte laguntza, enplegua eta partaidetza, eta errespetua eta gizarteratzea— «gizarte ingurunearekin eta kulturarekin erlazionatutako alderdiak islatzen dituzte, eta pertsonen partaidetzari eta ongizate subjektiboari eragiten die nagusiki», nabarmendu dute. Enpleguari eta partaidetzari dagokionez, adinekoek lan ordaindua eta ez ordaindua lortzeko dauzkaten aukerei, erretiroaren esperientziari, herri partaidetzako jarduerei eta aisiari buruzko informazioa jaso dute. Errespetuari eta gizarteratzeari dagokionean, adinekoek, beste pertsona batzuek eta komunitateak adinekoen inguruan dituzten pertzepzioak, jokabideak eta portaerak sartu dituzte.

Komunikazioa eta informazioa eta gizarte eta osasun zerbitzuak dira aztertutako azken bi eremuak. Komunikazio eta informazio bideak aztertu dituzte eta baita gizarte eta osasun zerbitzuak zer neurritan erabiltzen eta ezagutzen diren ere. «Zahartze aktiboa erabaki politikoen erdian jartzen da. Ikuspegi integratzaile eta zeharkakotik jarduten da, hainbat eremutan, ez bakarrik gizarte zerbitzuetan edo osasunean», azpimarratu dute Azkoitia Lagunkoia ekimenetik.

Ekimenak herritarren ongizatea, eta zahartzen doazen pertsonen ongizatea hobetzeko herri lagunkoi bat eraikitzea du helburu. Azkoitia Lagunkoiak diagnostikoaren emaitzak herri guztiarekin partekatu nahi ditu. Datorren ostegunean, otsailak 28, egingo dute aurkezpena eta herritarrei gonbidapena luzatu diete «herritarren eta herriko eragile desberdinen parte hartzea ezinbestekoa delako», azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide