Laburbira zirkuituak martxoaren 29an egingo du geldialdia Baztartxon

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 22a, 08:12

Bederatzi film laburrek osatutako ordubete inguruko proiekzioa izango da aurten XVI. Laburbirak erakutsiko duena, eta zirkuitua Baztartxon ikusteko aukera izango da martxoaren 29an, 22:00etan, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta. Bestalde, Txilardegiren dokumentala ikusi ahal izango da Laburbirako laburmetraiekin batera. 

Film labur guztiak 2016 eta 2018 urteen artean egindakoak dira: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, bi animaziozko lan, iraganeko kontakizunen bat, Behe Nafarroako istorio bat, majia, intriga eta umorea dira, besteak beste, aurtengoek dakartena.

Sortzaile gazteen lanak dira gehienak eta esperientzia luzeko zuzendarienak beste batzuk. Bederatzitik zazpi emakumeek zuzendutakoak dira. Guztiak uztartuta, ordubeteko proiekzioa osatu da; kalitatezkoa eta dibertigarria, euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko.

Martxoaren 20tik apirilaren 13ra, Laburbira giran ibiliko da euskarazko zinegintzaren dosi txiki eta freskoak zabalduz, 35 herritan: Bergara, Ermua, Usurbil, Berriozar, Areeta, Sestao, Hernani, Algorta, Dima, Areatza, Orkoien, Valladolid, Azkoitia, Paris, Eraso, Gasteiz, Larraintzar, Biasteri, Zuia, Iruña, Ordizia, London, Maeztu, Arespalditza, Mutriku, Arrasate, Etxebarri, Azpeitia, Oñati, Irun, Igorre, Soraluze, Zumaia, Mungia eta Valentzia.

Honako hauek dira  XVI.edizio honetan ikusgai izango diren filmak:  

  • Begi ninien koreografia (Arrate Fernandez)
  • Shell phone (Miren Mujika)
  • Zapatak (Irati Murua)
  • Ama  (Josu Martinez)
  • June (Arantza Ibarra)
  • Hotzean garbitu (Maddi Barrenetxea- Marta Teijeira)
  • Ilunpean (Iker Maguregi eta Andrea Martinez)
  • Erroak (Ane Zuazubiskar)
  • Handiak eta txikiak  (Laida Ruiz)

Film guztien  fotogramak, sinopsiak eta egileen informazioa, loturan.

Aurtengo emanaldien egutegia hemen duzue ikusgai.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira zirkuitu ibiltariak Euskal Herriko eta mugaz gaindiko aretoak bisitatuko ditu, 16.urtez, bi helbururekin: euskaraz aritzen diren sortzaileen film laburrak ezagutaraztea eta  ikusleei ordu bete inguruko proiekzio entretenigarri batez gozaraztea.

Bestalde, Txilardegiren dokumentala ikusi ahal izango da Laburbirako laburmetraiekin batera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide