Ekoizpen eta kontsumo jasangarria ipini dute Eskolako Agenda 21aren erdigunean

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 13a, 16:27

Eskolako Agenda 21 programa lantzen hasi dira ikasleak eskoletan. Aurten, bereziki, ekoizpen eta kontsumo jasangarria jorratuko dute.

Hamaseigarren aldiz jarri dute martxan Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean Eskolako Agenda 21. Urte hauetan gai ugari landu dira, betiere jasangarritasunaren ikuspegitik: hondakinak, ura, mugikortasuna, kontsumoa, energia, elikadura, aztarna ekologikoa, klima aldaketa… Aurten, kontsumo gaia berrikustea erabaki dute, baina oraingoan ekoizpen jasangarria ere barneratuz.  

Floreaga Salestar Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko DBHko ikasleek parte hartu izan dute orain arte. Aurten, aldiz, Azkoitia BHIko batxilergoko taldea eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak gehitu dira programara. Guztira, 1.300 ikasle inguru hasi dira proiektua garatzen.

Programaren antolaketa

Ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan, ikasleak gaia ezagutu eta sentsibilizazio jarduerak burutu dituzte. Ondoren, bakoitza bere ikastetxeko diagnostikoa egitera pasatu dira, hau da, eskolan, nola jorratzen da gaia? Gure eskolak kontsumitzen dituen produktuak jasangarriak al dira?

Bigarren hiruhilekoa, berriz, herria aztertzeko izango da. Lanketa zikloka banatuta, ohiturak eta erosketa irizpideak ezagutuko dituzte: zer jaten dugun, nola janzten garen, nolakoa den kontsumitzen dugun teknologia... Orain, 5. eta 6. mailetako ikasleak kalean dabiltza inkesten bidez, herriko merkatarien iritziak eta jokabideak jasotzen. Eta Lanbide Heziketakoek herriko hainbat enpresetara joko dute, ekoizpen jasangarria beraiek duten lan egiteko moduan barneratuta dagoen ezagutzeko. Bidez batez, lantegiak bisitatzeko aukera ere izango dute.

Bukatzeko, azken hiruhilekoan ikasmaila desberdinetan egindako lana bateratuko dute eta ikastetxe ezberdinetako ikasle ordezkariak, foro batean elkartuko dira gaia hobetzeko hartutako konpromisoak eta Udalari egin beharreko proposamenak adosteko. Orduan ezagutuko dira aurtengo lanaren emaitzak eta Udalak ikasleen proposamenei emango dien erantzuna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide