Eneritz Arrietak binakako txapelketako finalerdia jokatuko du ostiralean

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 29a, 18:19
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa.

Azken txanpan sartu da aurten estreinakoz antolatu duten eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketa. Lehen mailako finalerdia jokatuko du Eneritz Arrieta azkoitiarrak Amaia Araiztegirekin, Maider Mendizabal eta Nora Mendizabal bikotearen aurka.

Ligaxka amaituta, bi mailetan 2. eta 3. postuan sailkatutako bikoteek jokatuko dituzte finalerdiak. Ostiral honetan, otsailak 1, lehen eta bigarren mailako finalerdiak izango dira ikusgai, 18:30etik aurrera, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Bigarren mailako finalerdian, Usue Zubizarreta-Alaitz Badiola bikoteak, Nagore Aramendi-Oihana Orbegozo bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak. Ondoren, lehen mailako finalerdia jokatuko dute Nora Mendizabal-Maider Mendizabal eta Eneritz Arrieta-Amaia Araiztegi bikoteek. Arrietak mallabitarrarekin jokatu zuen txapelketako lehen neurketa joan den urtarrilaren 11n, eta  galdu egin zuten 22-12.

Dagoeneko bi bikotek lortu dute finaletarako zuzeneko sailkapena: Urien-Espinar bikoa izango da lehen edizioko lehen mailako finalean, eta Arteaga-Agirre bigarren mailakoan. Ostiral honetan ezagutuko dituzte, beraz, aurkariak. Finalak hurrengo jardunaldian, otsailaren 8an, jokatuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide