Clown antzerki tailerra antolatu du Uhartean eskolak

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 25a, 08:55
Esther Carrizo animatzailea. (Argazkia: Uhartean)

Esther Carrizo Carretero Uhartean adierazpen eta clown-antzerki eskolako animatzaileak clown-antzerki tailerra eskainiko du Azkoitian, 2019ko martxotik ekainera bitartean. Ikastaroaren antolaketan lagundu du Azkoitiko Udalak.

Esther Carrizo animatzaileak euskaraz eskainiko ditu tailerrak, eta azaldu duenez, «euskara ikasten ari direnei ere irekita dago, praktikatzeko aukera ederra» dela uste baitu. «Hasteko eta sakontzeko gogoz» dauden 12 pertsonako taldea osatu beharko da gehienez. Baztartxo Antzokiko bigarren solairuan eskainiko ditu saioak martxoaren 17an, apirilaren 7an, maiatzaren 26an eta ekainaren 16an. Lehen hiru igandeetako saioa 10:00etatik 14:00etara izango da, baina azken saioa 10:00etatik 20:00etara izango da. Zikloa amaitzeko bazkari autogestionatua egingo dute. Ikastarora arropa erosoa eta clown maskara elastiko edo sudur gorria eraman beharko da.

Izen ematea

Ziklo osorako izen ematea 200 eurokoa da. Izena ematean 80 euroko sarrera egin beharko da, eta gero, hilero, 30 euro ordaindu. Urtarrilaren 31 baino lehen dena ordaintzen duenak, berriz, %20ko deskontua jasoko duela azaldu dute antolatzaileek. 678 11 58 20 edo 948 63 11 62 telefono zenbakian, esther@uhartean.com helbide elektronikoan edota www.uhartean.com webgunean eman beharko da izena.

Uhartean eskola

Adierazpen eta clown-antzerki eskola ibiltaria da Uhartean. 2001. urtean Beran (Nafarroan) sortu zen, eta bertan du egoitza. Ramon Albistur eta Esther Carrizo dira eskolaren sortzaile eta zuzendariak. MugabeClown egitaraua clown-antzerkiko formazio eta sortze laneko ikastaro eta beste zenbait ekimenen eskaintza zabalduz hasi zen, 2001ean. Harrezkero, aurrera jarraitzen du hizkuntzen eta kulturen arteko topaketa eta harremana proposatzen duen egitarauak. Uhartean eskolak antzerki ikuskizunak ohikotasunez sortzen eta ekoizten ditu hainbat elkarte eta antzerki konpainiekin batera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide