Felix Azurmendi erretoreak bedeinkatu du 'Aita Mari' ontzia

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 16a, 09:21

Felix Azurmendi eta Esku Bidez taldeko kideak, Aita Mari ontzian. (Argazkia: Esku Bidez)

Felix Azurmendi (Urretxu, 1950) Azkoitiko parrokoa ‘Aita Mari’ itsasontzia bedeinkatzen izan zen joan den igandean. Mediterraneoko uretan giza erreskate lanetan ibiliko da ‘Aita Mari’ itsasontzia, eta Azkoitiko Esku Bidez taldeko kideek lagunduta bedeinkatu du itsasontzia Azurmendi erretoreak.

«Oso gutxi» falta da Aita Mari itsasontzia bere lehen misioa egitera abiatzeko. Duela gutxi, itsasontziko arduradun batek ontzia bedeinkatzea gustatuko litzaiokeela jakinarazi zion Esku Bidez taldeko kide bati, eta Azkoitiko taldea, Felix Azurmendi herriko parrokoak lagunduta, Pasaiako portuan izan zen joan den igandean.

«Felix erretorearekin kontatuta, pasa den igandean taldeko batzuk Pasaiara joan ginen. Une xume eta hunkigarria suertatu zen», azaldu dute Esku Bidez taldetik. «Felixek esaten zuen bezala, latinezko benedicere, zerbaiten inguruan ondo esatea da. Hori da ‘Aita Mari’ proiektua posible egiten dutenen inguruan aspalditik egiten ari garena», gehitu dute Esku Bidez taldeko lagunek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide