Bizi osoa trikitia hartuta

Berria 2019ko urt. 13a, 15:26

IƱaki Garmendia 'Laja' trikitilaria Aristerrazun.
Trikitiaren molde klasikoaren ordezkari agerikoena zen Iñaki Garmendia 'Laja', baina maite zuen gazte belaunaldiek ekarritakoa ere. Bien arteko zubia izan zen, askoren ustez. Ehunka plaza alaitu ostean, 74 urterekin zendu da. Irakurri BERRIAk egindako erreportajea:

Sei urte baino ez zituela hartu zuen lehen aldiz soinu txikia eskuen artean, eta jotzeari ez dio azkenera arte utzi. «Soinua uzteagatik diru mordoa emango balidate ere, ezingo nuke utzi. Trikitiak zoriontasuna ematen dit», kontatu zion Iñaki Garmendia Laja-k (Azkoitia, Gipuzkoa, 1944) kazeta honi, 2009an emandako elkarrizketa batean. Poza ematen zion berari trikitiak, eta haren doinuekin poza banatu zuen berak plazaz plaza. Aristerrazukoa (Aia, Gipuzkoa) zuen kutunetako bat. Han zela, ondoezik sentitu zen iragan igandean, eta, astea ospitalean eman ostean, atzo eguerdian hil zen, 74 urterekin. Harekiko «errespetuz» eta «oroimenez», Aristerrazun gaur egitekoa zen erromeria bertan behera utzi du Andatzako erromeria elkarteak.

Azkoitiko Laja baserrian jaio zen, eta aitaren eskutik hartu zuen lehen aldiz soinu txikia. Hura izan zuen lehen maisu, eta, beste hainbaten artean, Elgetarekin ikasi zuen ondoren. Gazterik hasi zen erromerietan jotzen. Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzailearekin bikotea osatuta ibili zen plazaz plaza urte askoan, eta, hark jotzeari utzi zionean, Mikel Alustiza lagun hartuta. Baita beste hainbatekin ere han-hemenka. Jendaurrean noizbehinka bazen ere, oraindik ere jotzen jarraitzen zuen. Baita trikitilari belaunaldi berriei zekiena irakasten ere.  

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2016an plazaratu zuen Lajaren biografia. Laja, trikitixaren zubia izenburua jarri zion lanari Joxemari Iriondo egileak, eta titulu horrek oso ongi laburbiltzen du musikariak trikitiari emandakoa, elkarteko idazkari Andoitz Antzizarren ustez: «Trikitiaren jatorrian Elgeta aipatu ohi dugu, bakarra izan ez bazen ere, izen esanguratsuenen artean. Haren ikasle izan zen Laja, eta geroztik berak ere beste hainbati irakatsi die, oso esanguratsuak izan diren hainbati». Agurtzane Elustondo, Imuntzo eta beste hainbat aipatu ditu ikasle horien artean Antzizarrek.

Jarraitu erreportajea irakurtzen BERRIAn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide