Udala barrutik ezagutzeko aukera izango da urtarrilaren 19an

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 11a, 10:50
Azkoitiko Udala barrutik ezagutzeko aukera izango da.

Udalak ate Irekien jardunaldia egingo du urtarrilaren 19an, zapatua. Udalak estrainekoz zabalduko ditu udaletxeko ateak bisita gidatu bat eskaintzeko, eta herritarrek eraikina barrutik ezagutzeko eta bertako altxor historikoak ikusteko aukera izango dute. 11:00etan hasiko da, eta Juan Bautista Mendizabalek gidatuko du bisita.

«Bertaratzen direnek erakundearen historia ezagutzeko parada izango dute, eta, besteak beste, udalbatza-aretoa, alkatetza eta sail ezberdinak kokatzen diren gainerako espazioak bisitatu ahalko dituzte, eraikin publiko eta administrazio gisa urteen poderioz Udalak eman duen bilakaeraz jabetuz», azaldu dute Udaletik.

Juan Bautista Mendizabal historialari eta kronistak gidatuko du bisita, eta udaletxetik jakinarazi dutenez «hainbat bitxikeria» partekatuko du. Udaletxeko kartzela, kapera, zezendegia, alondegia eta korrejidorearen bizitokia izango ditu hizpide Mendizabalek. Azkoitiko gaur egungo udaletxea 1730ean eraiki zen, Jose de Lizardi arkitektoaren eskutik. Hirugarren udaletxea da, aurrez beste bi udaletxe izan baitziren Plaza Berrin. Bisitariek egiten duten ibilbidean, besteak beste, udal artxiboan gordetzen den 1324ko Azkoitiko herriaren sorrerako Hiri Gutuna edota Parrokiaren lehen planoa ere erakusgai izango dira.

Bestalde, bisita gidatua herritarren eta udal ordezkarien arteko topagunea ere izango da. «Udala da herritarrek hurbilen duten erakundea eta barrutik ezagutu edota jakin-mina duen edonor bisitara gonbidatu nahi dugu. Gure helburua da administrazioa herritarrei gerturatzea, nahiz eta hau modu natural batean ematen ari den. Duela urte batzuk, jendeari askoz gehiago kostatzen zitzaion udaletxeko ateak jotzea», azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak. Udalak berriki egindako azterketaren arabera, astean 300 lagunetik gora artatzen dira sail ezberdinetan .

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide