Eneritz Arrieta eskuz binakako lehen mailako Emakumea Pilotari Txapelketan

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 10a, 09:39
Eneritz Arrieta.

Eskuz binakako lehen mailako Emakumea Pilotari Txapelketan parte hartuko du Eneritz Arrieta (Azkoitia, 1986) pilotari azkoitiarrak. Amaia Araiztegi mallabiarrarekin arituko da. Bihar, ostirala, Zaldibian jokatuko du lehen neurketa.

Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarrak estreinakoz egingo duten eskuz binakako lehen mailako Emakumea Pilotari Txapelketan lehiatuko da. Guztira lau bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta Arrieta Amaia Araiztegi mallabiarrarekin arituko da. Bihar, urtarrilak 11, Zaldibiako Resti pilotalekuan hasiko du txapelketa, Ainhoa Urien eta Patri Espinar bikotearen aurka. Zaldibian hainbat partida jokatuko dituzte 18:30ean hasita, eta azkoitiarrak jokatuko duena bigarren partida izango da.

Larrarte-Maddi Mendizabal, Arrieta-Araiztegi, Nora Mendizabal-Maider Mendizabal eta Urien-Espinar bikoteak dira txapelketako lau bikoteak. Euskal pilotan «emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko lanarekin jarraituz» sortu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) txapelketa berria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide