Aizkolari eta harri-jasotze txapelketak zapatuan, Gurean

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 9a, 09:14
Jon Unanue 'Goenatxo III.a' (Argazkiak: Ibon Errazu)

Datorren zapatuan, urtarrilak 12, aizkolari eta harri-jasotze txapelketak jokatuko dira, Gurea pilotalekuan. 19:00etan hasiko da txapelketa gizonezkoen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketarekin. Ondoren, 2 Harria Harri-jasotze txapelketa jokatuko da, eta emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketak itxiko du jaialdia.

Etxeko bi herri kirolari, Julen Alberdi 'Txikia IV.a' eta Jon Unanue 'Goenatxo III.a' plazaratuko dira datorren zapatuan, Gurea pilotalekura; aizkolarien eta harri-jasotzaileen txapelketak jokatu dira Azkoitian. Hasteko, Eusko Label Sariari dagokion gizonezkoen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa jokatuko da. Julen Alberdi 'Txikia IV.-a' Aitzol Atutxarekin batera lehiatuko da, Mikel Larrañagaren eta Eneko Otañoren aurka. Lau izakeratan, 26 enbor moztu beharko dituzte aizkolariek.

Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’

Ondoren, Viña Laguardia Sariko 2 Harria Harri-jasotze Txapelketaren txanda izango da. Jon Unanue 'Goenatxo III.a' herriko harri-jasotzailea 175 kiloko laukizuzenarekin eta 150 kiloko kubikoarekin arituko da. Jaialdia emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketak amaituko da. Nerea Sorondo eta Itxaso Onsalo lehiatuko dira, hiru enbor nork lehenago moztu. Euskal Telebistak jaialdia grabatuko du, eta igandean, urtarrilak 13, eskainiko du ETB1en.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide