Rodeo eta Dunne taldeek kontzertua eskainiko dute gaur, Matadeixen

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 11a, 12:52

Abenduaren 29an ireki zituen itxuraberritutako Matadeixek ateak. Ro taldeak eta Kuartz bikoteak emandako kontzertu banarekin inauguratu zuten Matadeixe, eta jarraipena emango diote gaur Rodeo eta Dunne taldeek.

Stoner musika zaleentzako gaua antolatu du gaur, urtarrilak 11, Matadero Ekintzak taldeak. Rodeo talde zestoarrak eta Dunne azkoitiarrak kontzertua emango dute, Matadeixen. Lehen taldearen emanaldian 22:30ean hasiko da. Gorka Alcaldek —ahotsa eta gitarra—, Ander Francok —baxua— eta Gorka Francok —bateria— osatzen dute Dunne talde azkoitiarra. Stoner eta hardcore doinuak nagusitzen dira euren kantetan. Letren bidez hausnartzen dute gaur egungo gizartea eta mundua nola dauden. «Arima gabeko gizakiak, bulling-a eta inguruko kutsadura eta eliteen inguruko kritika» egiten dute, besteak beste. Rodeo Zestoako taldeak, berriz, aurkeztu berri duten Dilmun diska aurkeztuko dute Azkoitian. Hamabi kantez osatutako lana aurkeztuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide