Igerilekuaren inguruko parte hartze prozesua aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 20a, 20:18

Ekimenak alderdi guztien babesa du eta taldeko kideez gain, alderdi politikoetako ordezkariak ere bertaratu dira gaurko prentsaurrekora.

Instalakuntza Duinak Orain taldea azterketa bat burutzen ari da etorkizuneko igerilekuak nolakoa izan beharko lukeen ikusteko. Horren harira, galdetegi bat prestatu dute eta herritarrak parte hartzera animatzeko, galdetegiaren edo parte hartze prozesuaren berri eman nahi dute. Ekimenak alderdi guztien babesa du. Parte hartze prozesua aurkezteko prentsaurrekoa eman dute.

Instalakuntza Duinak Orain taldea duela urte eta erdi sortu zuten "aspalditik zegoen arazo bati irtenbidea emateko asmoz". Hainbat ekintza eman dituzte aurrera:

  • Egoera aztertzeko bideoak egin zuten erabiltzaileekin.
  • 2.091 sinadura bildu zituzten bi hilabete baino gutxiagotan.
  • Txosten mardul bat prestatu zuten egoera eta eboluzioa aztertuz.
  • Herritarrekin bilera irekiak egin dituzte, informazioa jaso eta elkarbanatzeko. 

Prezesu horretan herritarren parte hartzea "puntu garrantzitsua" izan da Instalakuntza Duinak Orain taldeko kideentzat.

Oraingo honetan azterketa berri bat burutzen ari dira, etorkizuneko igerilekuak nolakoa izan beharko lukeen ikusteko. Prestatzen ari diren txosten berria, lehen aurkeztu zutenaren osagarria izango da. Horretarako talde ezberdinekin bilerak egiten ari dira eta gaur erabiltzaileei egingo dieten galdeketa aurkeztu dute. Galdetegiaren helburua herritarrek igerilekuko hainbat aspekturen inguruan duten iritzia jasotzea da (irisgarritasuna, erabilpena, aldagelak…), horrela, gaur egun igerilekuak dituen hutsuneak identifikatuko dituzte eta etorkizunean izango den igerileku berriak herritarren beharrak asetzeko nolakoa izan beharko lukeen ondorioztatuko dute.

Egingo duten azterketa eta galdetegia Udaleko alderdi guztiek babesten dute, horregatik gaur Elkargunean batu dira alderdietako ordezkari guztiak, ekimenarekin bat egiteko asmoz. Hainbat bilera egin dituzte hilabete hauetan eta horrelaxe jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute taldekideek: "Oraindik bide luzea dugu igerileku berria gauzatzeko", gaineratu dute. 

Hauek dira aurrerantzean eman nahi dituzten urratsak:

  1. Lehenik eta behin proiektua egin behar da horretarako 175.000 € behar dira.
  2. 2020an Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol instalazioetan berrikuntzak egiteko laguntzak aterako ditu eta Goizane Alvarez Kirol Zuzendariarekin izan zuten bileran esandakoaren arabera; kopuru maximoa (600.000€) jasotzeko hautagaia izango litzateke Elkarguneko proiektua; oinarriak berdin jarraituko balute.
  3. Proiektua gauzatzeko beharko diren 1.538.073,35€ko diru partida ezarri beharko da.
  4. Obra lizitatzeko prozesua martxan jarri beharko da.
  5. Azkenik, obra gauzatuko da, horretarako gutxienez 18 hilabete beharko direlarik.

"Horrek esan nahi du denbora asko dugula oraindik aurretik, baina IDO taldeak, Udal talde guztiek babestuta, lanean jarraituko du proiektu hau ahalik eta denbora gutxienean gauzatzeko. Horretaz gain, beste hainbat ekimen antolatuko ditugu egoera aztertu eta gero-eta larriagoa den arazoa arintzeko asmoz", azaldu dute IDOko kideek.

Bukatzeko, erabiltzaile edo erabiltzaile izatea nahiko luketen 16 urtetik gorako pertsona guztiak animatu dituzte galdetegia betetzera. Horretarako Elkarguneko sarreran eta igerilekuan bertan, abenduaren 21etik urtarrilaren 21era mahaia galdetegiekin egongo da eta betetako galdetegiak kutxetan sartu beharko dira.

Loturan honetan dago galdetegia ikusgai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide