Gurea goraino bete da, Emakume Master Cup lau eta erdiko finalak ikusteko

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 9a, 13:00

Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Emakume Master Cup Txapelketaren finalak jokatu dituzte gaur eguerdian Gurean. Amaia Aldai eta Patri Espinar dira txapeldun berriak. 

Lehendabizi, Promozio Mailako finala jokatu dute Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Aldai dimatarrak (Bizkaia). 22 eta 8 irabazi du partida Aldaik. Kanporaketa guztiak irabazita iritsi da finalera Aldai, eta finala ere nagusitasunez irabazi du. Datorren urteko txapelketan Lehen Mailan ariko da garaipen horri esker. 

Ondoren, Lehen Mailako finala jokatu dute Patri Espinar usansolotarrak (Bizkaia) eta Olatz Arrizabalaga gernikarrak (Bizkaia). 22 eta 9 irabazi du Espinarrek. 4tik 16ra, 12 tanto segidan egin ditu Espinarrek; nagusitasunez irabazi du partida.  

Aurtengoa txapelketa horren bigarren edizioa izan da; iaz Sopelan jokatu zituzten finalak. Leire Etxanizek jantzi zuen iaz Lehen Mailako lau eta erdiko txapela, eta gaurtik aurrera Espinar izango da txapeldun berria. Azkoitiko Gurea goraino bete da emakumeen partidak ikusteko, eta giro bikaina izan da pilotalekuan. 

Bergaran bizi den Reyes Azkoitia azkoitiarra omendu dute antolatzaileek, sari banaketarekin hasi aurretik. Sariak eta txapelak banatzeko bertan izan dira Alex Juaristi Oteiza pilota eskolako arduraduna eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, besteak beste. Alkateak jantzi die txapela pilotari txapeldunei. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide