Herrixen Elkarteak bonoen salmentarekin hasiko du Gabonetako kanpaina

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 27a, 10:05
Herrixen Elkartea Gabonetako ekintzekin hasiko da datorren zapatutik, abenduak 1, aurrera. Gabon bonoak, otarren zozketa, erakusleiho sari banaketa eta errifen zozketa egingo dituzte datozen egunetan.

 

Datorren zapatuan, abenduak 1, egingo du elkarteak Gabon bonoen salmenta. 35 euroren truke, 50 eurotako bonoak lortzeko aukera izango da herriko dendetan erabiltzeko. 10:00etatik 14:00etara bitartean jarriko dituzte saltzen bonoak, agortu arte. Pertsona bakoitzak txartel bakarra erosi ahalko du, eta horretarako nahitaezkoa izango da NAN txartela eramatea.

Otarren zozketa

Bestalde, hogei otarra zozketatuko ditu elkarteak Azkoitia txartelarekin ordainketak egiten dituzten guztien artean. Abenduaren 10etik 21era bitartean egindako erosketak hartuko ditu kontuan elkarteak. Otarren banaketa abenduaren 22an, zapatua, egingo dute, Torrezurin. 13:30ean hasiko da ekitaldia. Erakusleiho lehiaketako sari banaketa ere egingo dute egun berean.

500 eurotako hiru sari

Abenduaren 17tik aurrera herriko saltokietan erosketak egiteagatik Herrixen Elkarteak errifak banatuko ditu agortu arte. Gabonetako errifa horietan 500 eurotako hiru sari banatuko dituzte. Errifa horien zozketa eguna urtarrilaren 5a izango da.

 
 
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide