Danborrada koloretsuak bete ditu Azkoitiko kaleak

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 25a, 01:22

Ia 500 danbor eta barril jotzailek parte hartu dute aurtengo sanandresetako helduen danborradan. Giroak lagunduta, jendetza atera da kalera danborrada ikustera. 

  

 

22:00etan irten dira Gurea pilotalekutik hamar taldeak banan-banan. Baztarrikaldetik herriko plazara abiatu dira eta udaletxearen aurrean bizpahiru doinu jota, kalean behera joan dira. Balda Plazan egin dute bigarren geldialdia. Handik Julio Urkixora joan dira, eta ondoren, herriko plazarako bidea egin dute berriro, Plaza Berritik. Plazan, azkenik, danborradako pieza guztiak jo dituzte.

Hamar talde hauek parte hartu dute danborradan: Napoleoiak, Pilotariak, Ixkiturri Elkartea, Presoen Aldeko taldea, Floreaga Ikastetxeko gurasoak, Floreaga Ikastetxeko ikasleak, Xabier Munibe Ikastolako gurasoak, Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohiak, Txintxarri Elkartea eta Aldapa Lokala. Azken hori aurreneko aldiz irten da aurten. Aldapa Lokaleko 40 lagunek osatu dute taldea, eta andramaixetan jantzi ohi duten kamiseta horia, galtza beltzak eta baserritar txapela jantzita irten dira danborradan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide