Datorren zapatuan jokatuko den XIV. Herri Lasterketa aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 17a, 14:52
Goizean egin dute aurkezpena Milar Larramendi dendaren aurrean. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Datorren zapatuan, azaroaren 24an, izango da Azkoitiko XIV. Herri Lasterketa, Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton Kirol Elkarteak antolatuta. Parte hartzaileek 10 kilometro egin beharko dituzte, ohiko ibilbidean. Proba 16:30ean hasiko da, eta irteera eta helmuga herriko plazan izango dira.

 

Orotara, 350 korrikalarik eman dezakete izena herrikrosa.eus webgunean. Izena aurrez ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dute, eta egunean bertan, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte, hamabost euro. Proban parte hartzeko, 16 urte izan behar dira gutxienez, 2018ko azaroaren 24a baino lehen beteak.

Helmugara iristen diren lehenengo hiru gizonezkoek eta emakumezkoek, beterano mailako gizon-emakumeek, Raka Maraton taldeko lehen sailkatuek sariak jasoko dituzte, zozketetak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Parte hartzaileek herri lasterketako kamiseta eta poltsa jasoko dituzte, baina ondoren 100 bat opari zozkatuko dituzte. Proban laguntzeko interesa duten boluntarioei 15:30ean plazara agertzeko deia egin diete gaurko aurkezpenean.

Omenaldia Pedro Muñozi

Urriaren 27an, 10.000 metroko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Pedro Muñoz korrikalari azkoitiarrak, Getxon (Bizkaia). Muñozek omenaldia jasoko du lasterketa hasi baino lehen Raka Maraton taldeko kideen eskutik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide