Irisgarritasuna hobetzeko lanekin hasiko dira astelehenean Balda kalean

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 16a, 11:35
Balda kaletik Madinabeitia plazara jaisteko dagoen igogailurako bidea. (Argazkia: Udala)

Datorren astelehenean, azaroaren 19, hasiko dira Balda kaleko lanak bertako irisgarritasun arazoei konponbidea emateko. Aurreikuspenen arabera, pare bat hilabete iraungo dute obrek. Aste honetan bertan bildu da Udala bizilagunekin esku-hartzearen inguruko azalpenak emateko.

 

«Gaur egun dauden oztopo arkitektonikoak kentzea da helburua eta errepidearen eta espaloien arteko kotak berdintzea Balda kaleko 14 eta 19 zenbakien artean», azaldu dute Udaletik. Orain eskailerak daude igogailua eta errepidea lotzen dituen pasagunean. Eskailerak desagertuko dira eta arranpa jarriko da.

Aurrekontua 70.000 eurokoa da. Obrek irauten duten bitartean Madinabeitia Plazako igogailuak martxan jarraituko du. Momentu puntualetan soilik etengo da zerbitzua. Alabaina, alboetako eskailerak itxita egongo dira. Ondorioz, bizilagunek bi aukera izango dituzte: igogailua erabili edo Nemesio Otaño kaletik sartu. Halaber, ibilgailuentzat Balda kalea itxita egongo da 15 eta 22 zenbakien artean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide