Bingen Zupiria euskal kulturaren etorkizunaz arituko da, Elkargunean

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 14a, 09:06

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzaldia eskainiko du bihar, Elkargunean. 'Euskal kulturaren biharra' izenburupean emango du hitzaldia sailburuak, eta 19:00etan hasiko da, Oteiza aretoan. Ostegun On taldeak, Egi Azkoitiak eta Gazte Geroa Azkoitiak Udazkeneko Hitzaldien baitan antolatu dute solasaldia.

 

'Euskal kulturaren biharra' izenburupean, euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna izango ditu hizpide Zupiriak. Gaur sailburu dena kazetaria da formazioz. Filosofian eta Letretan lizentziatua da Zupiria. 22 urterekin ETBn kazetari gisa hasi zen lanean. 1983-1989 urteetan, eguneroko albistegietako editore lanak egin zituen ETB1eko Gaur Egun eta ETB2ko Teleberri albistegietarako. 

1989 eta 1999 bitartean, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prentsa eta Komunikazio zuzendaria edo arduraduna izan zen, eta Andoni Ortuzarren eskutik EITBko zuzendaria izatera pasatu zen 2008an. 2012. urtetik 2016. urtera Deia egunkariko zuzendaria izan zen. Duela bi urte izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide