Iñigo Uzin: «Dirua irabazi behar da: kooperatibarik ez badago, ez da egongo kooperatibistarik»

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 12a, 08:37
Iñigo Uzin (Argazkia: Berria)

Finantza osasuna korporazioaren iparrorratz bihurtuko duen txostena onartuko du Mondragonek, asteazkenean, kongresuan. Emaitzak bazkideen artean banbatzeko irizpideak aldatu egingo dira, kooperatiben iraunkortasunaren mesedetan.

 

Haizeak alde jotzen du Arrasaten. Mondragon korporazioa hazkunde aurreikuspenetik gertu dabil industria dibisioan, eta 2018. urtea %8 inguruko igoerarekin itxiko du salmentei dagokienez. %16 inguruko hazkundea litzateke bi urtean. Iñigo Uzinek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1960) badaki merkatuen ziurgabetasuna gora doala, baina taldeak pasatu dituenak pasatuta, ez da lemazain beldurtia itsaso zakarretan jarduteko. Udalatx eta Anboto elurturik ikusi ditu bere bulegotik sarri, eta badaki gailurrerako bideak lurmendu egiten direla beti.

Dena den, kooperatiben gihar finantzarioa sendotzeko txostena onartuko du Mondragonek asteazkenean, Donostian egingo duen kongresuan. Iraganeko lezioa ez da alferrik izan, eta 2016an onartutako mandamendu berriei —autoexijentzia eta ardura partekatua— beste bat gehituko diete: irabaziak kooperatibisten artean banatzeko gutxieneko sendotasun finantzarioa. Kooperatibak eta kooperatibistak ratio berrien sokan ariko dira aurrerantzean. Iraunkortasunaren aldarean errentagarritasuna eta osasun finantzarioa gurtzen da Mondragonen.

Zergatik da beharrezkoa halako neurri bat hartzea orain?

Beti izan da beharrezkoa. Enpresak zenbaki egokiak baditu, erresilenteagoa da okerrak datozenean. Adibidez, azken krisia: bankuek ezin izan zioten erantzun enpresen finantzaketa beharrei.

Krisi baten beldur?

Ez, baina krisiak ziklikoak dira, eta beti egon behar dugu prest. Enpresak familiak bezalakoak dira, haiek ere beren ondasunak zaindu behar dituzte.

Zer diote familiek? Mondragon izeneko eraikin batean bizi baitira kooperatibak.

Oso ondo hartzen ari dira. Azken batean, kooperatibistarik gabe ez dago kooperatibarik, baina, era berean, kooperatibarik gabe ez da egongo kooperatibistarik. Hau dena enpresa sendoagoa egiteko da, eta ez gaurko bazkideentzat soilik, etorkizunekoentzat baizik. 2016ko kongresuan finkatu genuen atal finantzarioa sendotu behar zela, eta aurtengo txostena ildo horretan doa. Hau ez da izan zentro korporatibotik atera den kontu bat; hau kooperatibetatik atera da. Asko landu dugu agiria bete beharreko ratioak finkatzeko.

BERRIA egunkariak egindako elkarrizketa. Jarraitu irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide