Izarraitz Lanbide Heziketak ikastaroak eskainiko ditu langabetuentzat

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 12a, 11:45

Izarraitz Lanbide Heziketak bere formakuntza eskaintza zabalduko du langabezian dauden pertsonei zuzendutako ikastaro sortarekin. Lanbidek finantzatutako ikastaroak dira. 

 

«Lanik gabe dauden emakumeentzat eta gizonentzat aukera bat da eta hori guztia lortu dugu Udalen, Iraurgi Berritzenen eta kontratatzeko konpromisoa hartu duten bailarako enpresen laguntzari esker», azaldu du zentroko zuzendari Eduardo Sudupek.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari eskatu zitzaion langabetuentzat ikastaroak jartzea eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko da, «formakuntza da laneratzeko biderik azkarrena». Hiru ikastaro eskainiko zaizkie langabetuei eta abenduaren 3an hasiko dira saioak. Gainditzen dutenek Lanbide Ziurtagiria eskuratuko dute. Emango diren ikastaroak dira Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta ematea, Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa eta Elektrodo estalizko eta TIG bidezko soldadura». %50ak lan kontratua izango du.

Mendeko pertsonei arreta emateko ikastaroari dagokionez, 370 orduko iraupena izango du formakuntzak eta beste 80 praktika ordu enpresan. Mekanizazioko ikastaroaren kasuan, formakuntza orduak 540 dira eta beste 80 praktika ordu eta soldadura ikastaroa 640 ordukoa da; horri 40 praktika ordu gehituko zaizkio. Ikastaroak maiatzean, ekainean eta uztailean amaituko dira, hurrenez hurren.

Plaza kopurua mugatua da eta izen-ematea zabalik dago jada. Lanbideren bulegoetan edo www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bitartez eman daiteke izena. Informazio gehiagorako deitu 943 85 21 74 telefonora.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide