61 korrikalarik parte hartu dute V. San Martin Mendi Lasterketan

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 10a, 12:18

Gaur goizean, azaroak 10, V. San Martin Mendi Lasterketa izan da San Martin auzoan, Mikologi Elkarteak antolatuta. 11:00etan hasita, zortzi kilometroko ibilbidea mendiz burutu dute parte hartu duten 61 korrikalariek. Helmugara iristen azkarrena Imanol Larrañaga (32:16) azkoitiarra izan da, eta emakumezkoetan, Maite Etxezarreta (41:32) azpeitiarra. Lehen emakumezko azkoitiarra, berriz, Mari Karmen Seijas (44:56) izan da. Guztira, zortzi emakumek parte hartu dute lasterketan. 

Helmugara iritsi diren lehen gizonezkoak eta emakumezkoak Kurutzia baserriak emandako produktuen otarre bana jaso dute, eta partaide guztien artean beste hainbat sari ere banatu dituzte.

San Martin eguna, bihar

Bihar, igandea, kanpai hotsa izango da nagusi Azkoitiko herrian. Usadioari jarraituz, ehunka lagun igoko dira San Martin auzoko ermitara kanpaia jotzera. 12:00etan meza izango da eta eguna ospatzeko, bertako Ondaregunean edo arkeologia museoan bisita gidatuak eskainiko dira 13:00ean eta 17:00etan, Juan Bautista Mendizabalen eskutik. Gunea bisitatu nahi dutenentzat zabalik egongo da 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide