maxixatzen.eus

'Adin adin' egitasmoa San Jose egoitzan, bertsoen bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko

  Kultura  Azkoitia

'Adin adin' egitasmoa azaroaren 20an izango da San Jose egoitzan, beste urte batez. Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso bertsolariek abestuko dute, eta 17:00etan hasiko da saioa.

'Adin adin' egitasmoa San Jose egoitzan, bertsoen bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko
Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso bertsolariek abestuko dute azaroaren 20an, San Jose egoitzan. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko "Adin adin" egitasmoak laugarren urtez izango du segida, bere helburuari eutsita, alegia, bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetuz eta gaitasun psikoemozionalak landuz. Hala, aurten 14 saio egingo dira abenduaren erdialdera arte lurralde osoko hainbat herritan, eta lehenengoa bihar, asteartea, izango da Azpeitiko San Martin egoitzan.

Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza zahar etxeetara iritsarazi da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, terapeutikoki zein ludikoki. Horren harira, diputatuak nabarmendu du bertsoek adineko pertsonengan duten “eragin positiboa”: “Bertsoa bitarteko bihurtzen da adineko pertsonek euren memoria landu dezaten. Beraien bizipenak, oroitzapenak gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa. Eta gaineratu du “Adin-adin” proiektuak kutsu zientifikorik ez badu ere, “interesgarria” litzatekeela jakitea horrelako ekintza batek “zein onura terapeutiko” dituen. Ildo horretan, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsi du diputatuak, ikuspegi “integral” batekin.

Metodologia bereziarekin lantzen dira bertso saio hauek. Aurrez zahar etxeetako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezi bat egiten dute bertso zahar eta kantu herrikoien inguruan egoiliarrekin, horrela bertsolariak doazenerako parte-hartzea aktibatzeko. Programa honen berritasunaz mintzo, Ander Zapiain Mendekotasun arreta zerbitzuko zuzendariak bertsoa.eus-en eginiko bideo elkarrizketan dioenez, “zaharren egoitzetan egiten dugun lana, tamalez, oso asistentzialista da. Heriotzaren zain dauden pertsonen azken urteak dira. Bertsoa, berriz, jaiarekin lotzen dugu. Eta esan genuen, zer arraio! eta zergatik ez probatu?”. Horrela, azken hiru urteotako balorazio positiboak ikusita, aurten ere bertsolariek prestaketa lana egin dute, kantu zaharrak eta istorio zaharrak landuta, adinekoak saioan bete betean sartu daitezen”.

Elkarrizketa berean, “Adin adin” egitasmoan parte hartuko duen Sebastian Lizasok dio nolakoa den zaharren egoitzako saio bat: "Zaharren egoitzara zoazenean, zain egoten dira. Bakoitzak gogoratzen dizkizu 'ni halakotan egonda nago, eta Basarri entzun nuen bertsotan, zure aitarekin beste batean...' ikusi hutsarekin garai bateko oroitzapen asko etortzen zaie burura. Bertsotan hasi aurretik, eurekin egiten dugu behar den denbora euren bizipenak jasotzen eta gero elkarren informazioa ongi ematen digute: 'honek tranpa egiten du musean, beste horrek txikiteoan irteten du...". Kantuan hasi orduko jabetzen zara noiz barre egiten duten, noiz begiak ixten zaizkien... eta oso esker onekoak dira”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa