Pentsiodunen egoera hobetzeko, bi neurri onartzeko eskatuko dio EH Bilduk Udal Batzari

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 26a, 18:00

EH Bilduk pentsiodunen asteroko mobilizazio eta elkarretaratzeak babestu ditu, eta haien egoerari amaiera jarri nahian, datorren asteazkenean bi neurri onartzeko eskatuko dio Udal Batzari. Jarraian irakurgai EH Bilduren gutuna:

 

"Azken hilabeteetan gure helduek kaleak hartu dituzte pentsio duinen alde. Astez aste, Euskal Herriko pentsiodunak mobilizatzen ari dira “igoera” iraingarria salatzeko, baina era berean 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko eta gaur egun, baita etorkizunean ere, euskal eta nafar herritarrentzat nahikoak eta bidezkoak diren pentsioak ziurtatuko dituen sistema propio baten premia aldarrikatzeko.

Gure pentsiodunak borrokan ari dira, gure herrian azken hamarkadetan ikusi ez diren mobilizazio jendetsuenak eginez. Arrazoia dute. Aski dela esan dute. Orain, gizarteak aski esateko garaia iritsi da: pentsiodunak, langileak, gazteak, ikasleak… denok elkarrekin guztiz funtsezkoa den pentsio duin baterako eskubidearen alde.

Horregatik, Madrilera edo Gasteizera begira egon beharrean, Azkoitiko EH Bilduk azkoitiarrei begiratu eta datorren asteazkenean ospatuko den Udal Batzara neurri zehatzak hartzeko konpromisoa eskatzen duen mozioa eramango du.

Asteazkenean bi neurri onartzeko eskatuko diogu Udal Batzari. Alde batetik, pentsiodunen aldarrikapenak babestu eta publikoki beraiei adieraztea. Bestetik, premia larrienean dauden pentsionisten pentsioak osatzeko diru-laguntza sortzeko partida bat jartzeko konpromisoa eskatuko dugu. 2019. urtean gure herrian okerren pasatzen ari diren pentsionistei pentsioa igotzeko. Diru-laguntza hori sortzerako momentuan herriko pentsionisten ekarpena ezinbestekoa izango delarik.

Horrelako esperientziak gertu ditugu, Azpeitian adibidez, eta gutxien duenari laguntzea dute helburu.

Hori guztiagatik, herriko pentsionistei dei egiten diegu asteazkenean 19:00etan ospatuko den Udal Batzara etortzeko mozio hau babestera".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide