Herriko merkataritza bultzatzeko eta sendotzeko eguna ospatuko du Herrixen Elkarteak, zapatuan

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 18a, 10:37

Orain arte Herrixen Eguna izenarekin ezagutu den jaia Azkoitia Eguna izenarekin dator aurten. Herrixen Azkoitiko Dendaixen Elkarteak antolatuta, bihar, ostirala, eta etzi, zapatua, herriko merkataritza bultzatzeko eta sendotzeko jaia egingo dute.

 

Bihar, ostirala, Herrixen Tonbolaren irekiera egingo dute Torre Zuri erakustokian. 18:00etatik 21:00etara egongo da irekita tonbola. Herriko 60 dendarik oparitutako 700 sari baino gehiago jarriko dute tonbolan. Txartelak erosten dituzten artean, gainera, bi lagunentzako afaria zozketatuko dute.

Zapatuan izango dira ekintza nagusiak. Txu-txu trenak herriko kaleak zeharkatuko ditu egun osoan zehar; tonbola 11:30etik 14:30era egongo da irekita. Goizean zehar, gainera, txorizo eta sagardo dastaketa egiteko aukera egongo da, Kontzejupean, trikitilariek lagunduta.

Puzgarriak eta jolasak

Arratsaldean, berriz, haurrentzako eta gaztetxoentzako puzgarriak eta jolasak egingo dituzte. Txikienentzat puzgarriak Balda plazan jarriko dituzte. Gaztetxoentzako jolasak, berriz, herriko plazan egingo dituzte.  Futbolin erraldoia, diana edota penaltiak jaurtitzeko gunea jarriko du Herrixen Elkarteak, plazan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria egiten badu Berdura Plazan jarriko dituzte Balda Plazan jarri beharreko puzgarriak.

Pintxo lehiaketa

III. Zakelmari Pintxo Lehiaketa ere jokatuko da herriko tabernarien artean. Piper berdea osagai nagusitzat hartuta, Tta-kun, Latz, Zurt, Koxka, Orbela, Errexil eta Etxe-Aitz tabernek hartuko dute parte lehiaketan. Epaimahaia 18:30ean hasiko da pintxoak epaitzen, eta sari banaketa 20:00-20:30 aldea izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide