Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa aztertuko duen dokumentala ari dira grabatzen

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 16a, 13:33

Urola Erdiko trikitiaren dokumental proiektua aurkeztu dute, gaur, Azkoitiko Udalean. Bi funtzio dituela azaldu dute proiektuaren ordezkariek. Batetik, Urola Erdiko trikitiaren inguruko dokumentala osatzea dute helburu, eta bestetik, eskualdeko trikitilarien bizipenak jasoko dituen ikus-entzunezko artxiboa edo dokumentazioa lana osatzea. Dokumentalaren izenaren lanketa egiteko duten arren, ordubetean nahi duten guztia kontatzeko modua izango dutela uste dute elkartean. Dokumentala 2019ko udazkenean estreinatzea aurreikusten dute.

 

Apirilaz geroztik, Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa aztertuko duen dokumentala grabatzen ari dira Trikigiro Elkartea, Kulturaz Kooperatiba eta hainbat norbanako, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen babesarekin. Orain arte, Tomas Soraluze Epelde, Margari Aizpuru Otola zenaren alarguna, Iñaki Garmendia Laja, Ramon Zubizarreta Landakanda, Imanol Arregi Iturbide, Agustina Aranbarri Epelarre zenaren alarguna, Angeles Aramendi Zendoia zenaren alarguna, Manuel Arrizabalaga Izer eta Antonina Beristain, Kandido Beristainen alaba elkarrizketatu dituzte.

Irati Aranguren Trikigiro elkarteko ordezkaria hasi da proiektuaren berri ematen.  «Urola Erdiko trikitiak euskal iruditeria kolektiboari egindako ekarpena balioan jartzea du helburu proiektuak. Trikitiaren sehaska izenez ezagun da Urola Erdian, bai trikiti zaletasun oparoagatik, bai historiako trikitilari handienenetariko asko bailarakoak izateagatik», hasi da Irati Aranguren. «60ko hamarkadan euskal kulturak izan zuen berpizkundean, trikitiak funtzio garrantzitsua izan zuen. Aldi hartan, berebizikoa izan zen Urola Erdiko trikitilarien lana. Urte gutxian mendiko erromerietan jotzetik milaka eta milaka lagunen aurrean jotzera pasa ziren eskualdeko musikariak», azaldu du, ondoren. 60 eta 70 hamarkadetako txapelketetan, esaterako, partaideen gehiengoa Urola Erdikoa izan zela esan dute. «Euskal kulturan ezinbesteko zutabe bihurtu zen trikitia, eta Urola Erdiko trikitilariak izan ziren horren protagonista», azpimarratu du Arangurenek.

Itziar Aranguren Trikigiro elkarteko beste ordezkariak hartu du ondoren hitza. «Esku artean dugun proiektuak funtzio bikoitza izango du. Alde batetik, Urola Erdiko trikitiaren inguruko dokumentala osatzea da helburua», azaldu du Aranguren ahizpetako zaharrenak. Dokumentalak eskualdeko trikitilarien bizipenak, adituen hausnarketak, diseinu grafikoez osatutako bideoak nahiz artxibo irudiak bilduko ditu. «Bestetik, eskualdeko trikitilarien bizipenak jasoko dituen ikus-entzunezko artxiboa edo dokumentazioa lana osatzera goaz, bizi-bizirik ditugun altxorrak betiko gordeta izateko», gehitu du segituan Arangurenek.

Trikitilariekin elkarrizketa sakon eta luzeak ari dira grabatzen. Aurreko ikasturtean hasi zen proiektua mamitzen, eta apirilean ekin zieten lehen grabaketei. Datozen asteetan eta hilabeteetan beste hainbat trikitilari eta aditu grabatuko dituztela ere jakinarazi dute elkartetik. Beste zenbait sekuentzia grabatu, dokumentazio lanak osatu, diseinu grafiko garatu eta edizio lanak amaitu ondoren, dokumentala 2019ko udazkenean estreinatzea aurreikusi dute. «Hainbeste poz eta alaitasun sortu duen fenomenoari, eta bereziki, belaunaldiari merezitako aitortza egiteko, dokumental horrek bere aletxoa jarriko duelakoan gaude», esan du Itziar Arangurenek.

Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaien Kooperatibako Aitor Bengoetxeak eskerrak eman dizkie gero guztiei. «Horrelako kontu batean indarrak batzea eta noranzko berdinean lana egitea oso garrantzitsua da, are gehiago eskualde mailan», hasi da Kulturaz Kooperatibako ordezkaria. «Azpimarratzekoa da gure historia eta euskal historiako zati hau guk kontatzeak duen garrantzia; ez beste inork eta ez beste inondik, guk», azaldu du. «Ez dakit benetan kontziente garen dugun lan-talde potoloa eta arduratsua nola ari den lan egiten; batik bat Trikigiro Elkarteko kideak. Egunero eta musu-truk ordu pila ari dira sartzen. Elkartea da oraingo belaunaldiak eta pasa zirenak lotzeko eta historia kontatzeko ezinbesteko kate-begia», azpimarratu du kooperatibako kideak.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko Agurtzane Elustondo lehendakariak hartu du ondoren hitza. «Eskerrak eragile guztioi horrelako proiektu bati babesa eta laguntza emateagatik. Bereziki, Trikigiro Elkarteari hainbeste lan egiteagatik eta horrelako ekimen batean parte hartzeagatik», hasi da lehendakaria. «Oso proiektu interesgarria iruditzen zaigu. Helburu bezala ditugu trikitia ikertzea, babestea, sustatzea eta nolabait ere horren transmisioa eta etorkizuna bermatzea», jarraitu du Elustondok. «Trikigirok Urola eskualdean izan duen iniziatiba gustatuko litzaiguke beste eskualde batzuetan ere ematea. Iragana hilezkortzeko eta belaunaldi berriei pasatzeko era ezin hobea da», gehitu du. «Trikitixa Elkartean ikerketak garrantzia duela uste dugu. Gauzak jaso eta gero, kasu askotan, transkribatu egin ditugu liburu biografiko bezala. Kasu honetan elkarrizketak, sentimenduak eta idatziz jaso ezin diren gauzak dokumentalean jasota geldituko dira. Hori benetan txalogarria da. Elkarrekin lan eginez sinergiak lotzea positiboa da, eta ea aurrerantzean ere horrela jarraitzen dugun», adierazi du bere hitz tartea amaitzeko.

Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko kultura zinegotziak esan du, «zaindu» behar den ondarerik baldin badago Urola Erdian, hori «trikitiarena» dela. «Ukaezina da trikitilariek izena eta izana eman dizkiotela herri honi, eta dokumentalak balioko du ondare hori balioan jartzeko eta gure ondorengoei hemen izan diren trikitilarien ekarpena ezagutzeko eta transmititzeko», azpimarratu du zinegotziak. «Mahai gainean jarri zigutenean, Azkoitiko Udalean ez genuen zalantzarik izan eskatutako laguntza osoa emateko», esan du Vazquezek. «Trikiti munduari asko zor diogu, gure herria dantzan jarri baitu. Beraz, izan dadila dokumental hori trikiti munduari pil-pilean eutsi dioten trikitilari eta pandero jotzaile guztien omenaldi», adierazi du jarraian. Azkoitiko Udalaren izenean, dokumentala argitaratzeko ahalegina egiten ari diren guztiei bere esker ona adierazi die Vazquez zinegotziak, bereziki Trikigiro Elkarteari eta Kulturaz Kooperatibari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide