193 lagunek hasi dute ikasturtea Hizkuntza Eskolan

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 11a, 09:39

Hizkuntza Eskolaren Azkoitiko gela desplazatuetan 193 lagunek hasi dute 2018-19 ikasturtea. Hizkuntzak ikasteari ekin diotenen artean 101 kidek ingelesa hautatu dute maila ezberdinetan. Eskolan B1.1, B1.2 eta B2 mailak eskaintzen dira ingelesean. B2 taldea da jendetsuena, 56 lagunekin.

 

Berrikuntzen artean, aipatzekoa da aurtengo ikastaro eta tituluen eskaintza. Izan ere, alemanean A1 mailari A2 gehitu zaio eta estrainekoz, frantseseko eskolak ematen hasi dira A1 mailan. Frantsesean 30 ikasle hasi dira eta alemanean 22 pertsonako bi talde osatu dira, 44 lagun guztira.

«Proiektuaren hasieran esanda bezala, gure helburua da gero eta ikastaro eta hizkuntza gehiago ikasteko aukera ematea. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak du eskumena erabakitzeko zer eta non eman, baina Udalak lanean jarraituko du eskaerei erantzun ahal izateko. Hizkuntzak ikastea, gainerako formakuntza aukera guztiak bezala, laneratzea errazten duen bide bat bezala ulertzen dugu», dio Marijose Arregi Udaleko Hezkuntza zinegotziak.

2018-2019koa, Azkoitiko Gaztanenea Formakuntza Zentroko geletan ematen den hirugarren ikasturtea da. Proiektuarei ingeles hutsarekin eman zitzaion hasiera eta iaz alemana gehitu zitzaion. Aurten, berriz, frantsesarekin osatu da eskaintza.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide