Ione Agirregomezkorta: «Podologook gorputz osoa aztertzen dugu, ez oinak bakarrik»

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 27a, 10:18

Argazkian, ezkerretik eskuinera, Idurre Juaristi eta Ione Agirregomezkorta.

Ione Agirregomezkorta Garmendia (Azkoitia, 1978) Podologia Diplomatura ikasitakoa da. Osasun arloa gustuko zuela eta, podologian eskulana eta teoria nahasten zirela jabetu zen, eta Bartzelonan egin zituen ikasketak. Duela 17 urte ireki zuen Ortozik podologia zentroa, Trenbidearen Zumardiko 21. zenbakian. Egun, Posturologia ikastaroa egiten hasi da Madrilen; beraz, aldi berean ikasi eta lan egingo du lau urtez.

 

Nolakoa da zuen ohiko bezeroa?

Denetik etortzen da, umeetatik hasi eta helduetaraino, baina urtaroen arabera asko aldatzen da gure bezeroa. Adibidez, udarako, jendeak hankak txukuntzen ditu: azazkalak moztu, kailuak kendu edota papilomak sendatu. Orain, ikasturte hasieran, berriz, ume eta kirolarien azterketa posturalak eta plantillak egiten ditugu batez ere.

Gustuko al duzu zure lana?

Bai, asko gustatzen zait. Jendea sendatzeak egundoko poza ematen du. Jendeak asko eskertzen dit, eta horrek asko betetzen nau.

Etengabeko prestakuntza eskatzen al du podologoaren lanbideak?

Bai, joerak aldatzen doazelako. Lehen gehiago zentratzen ginen oinetan; orain, ordea, gero eta arreta handiagoa jartzen dugu gorputz osoan. Konturatu gara begiek eta ahoak, esaterako, eragin zuzena dutela oinak lurrean jartzeko orduan. Horregatik, gero eta azterketa integralagoa egiten dugu, arazoa nondik datorren jakiteko. Batzuetan oinak dira min baten arrazoi nagusia, baina, beste batzuetan, gorputzeko beste arazo baten ondorio izaten dira. Horregatik, ezinbestekoa da osteopata, fisioterapeuta, optometrista edo dentistekin elkarlanean aritzea.

Zein dira oina ondo zaintzeko gomendioak?

Oinetako egokia erabiltzeaz gain, egunero garbitzea eta krema ematea ohitura oso ona da.

Oinutsik ibiltzea ohitura ona al da?

Bai. Onena hondarretan eta belarretan ibiltzea da; lur irregularretan. Azalak lurra sentitu behar du, muskulua indartzeko.

Plantillak bertan egiten al dituzue?

Bai, plantilla guztiak bertako lantegian egiten ditugu eta erabat pertsonalizatuak izaten dira.

Zein motatako plantillak egiten dituzue?

Azkenaldian plantilla posturalak egiten ditugu gehienbat, oso finak eta erraz erabiltzekoak. Plantilla horiek postura aldatzea dute helburutzat, eta, ondorioz, jatorrizko mina kentzen dute.

Azazkalak margotzea ona al da?

Denbora luzez margotuta ibiltzeak kalteak ekar ditzake. Uda amaieran esmaltea kendutakoan gero eta gehiago ari naiz onddoak ikusten, eta horiek lehenbailehen tratatu behar dira.

Ona al da umetan herentzian datozen oinetakoak erabiltzea?

Ez. Izan ere, gerta daiteke ume batek eta besteak oina lurrean modu ezberdinean jartzea, eta hobe da bakoitzak bere oinetakoa erabiltzea, bere oinaren forma errespetatuz.

Asko ordaindu behar al da zapata ona?

Ez du zertan. Prezio normal batean ere aurki daiteke oinetako ona. Ordea, askotan joera dago begiekin erosteko oinekin erosi ordez.

Nolako oinetakoak erabiltzea aholkatzen duzu?

Oinetakoak beti oinera lotuta joan behar du; oinak ez du oinetakoa eraman behar. Bestela, asko nekatzen da oina. Oinetakoak zure oin forma errespetatzea ere garrantzitsua da. Takoia, berriz, bi eta lau zentimetro artekoa izatea komeni da.

Zein oinetako ez zenuke inoiz erosiko?

Lotu gabeko txankletak.

Nolako ondorioak ekar ditzake oinetako txarra erabiltzeak?

Itxuragabetasunak eta kailuak oinean, eta bizkarreko eta belauneko mina. Gorputza bat izanda, dena lotuta doa. Beraz, oinarria ez badago ondo zainduta, gainerako guztia oker daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide