Ainara Sarasketa: «'Feminismo' hitza zer den ulertu nahi ez duen jende asko dago oraindik»

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 4a, 10:30

Zortzi urte daramatza Ainara Sarasketa Alberdik (Azkoitia, 1980) Batukada Feministan lanean. Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jaso berri du Jaizkibel Konpainiaren eskutik. Batukadaren sorrerako kontuak, Hondarribiko alardea eta feminismoa izan ditu hizpide Sarasketak. 

 

Zein da Ainara Sarasketaren ibilbidea? Zein da zure gaur egungo ogibidea?

Azkoitian bizi izan nintzen 24 urte arte, eta ordutik Zestoan eta Zarautzen bizi izan naiz. Gaur egun Aizarnazabalen bizi naiz. Aspaldi hasi nintzen perkusioa ikasten. Hasieran perkusio afrikarrarekin hasi nintzen eta Azkoitian talde bat ere sortu genuen. Gero, Donostian batukadan hasi nintzen eta handik urtebetera Azkoitian sortu genuen Botapa Batukada Taldea. Matadeixen egiten genituen entseguak eta zortzi-bederatzi urtez herriz herri eta festarik festa ibili ginen. Oso oroitzapen politak ditut. Hamar urtez Elhuyarren egin nuen lan, baina ondoren Batukada Feministako klaseak emateko aukera sortu zitzaidan.

Jaizkibel konpainiak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten pertsonei eta erakundeei aitortza egiteko sortutako Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jaso berri duzu. Nola jaso zenuen berria?

Ezustean, pozarren eta arduraz. Aitorpen handia da, eta horrek esan nahi du zerbait ondo ari garela egiten. Merezi du batukadaren bitartez aurrera jarraitzea, ahalduntzea eta feminismoa lantzea. Gure ikastaroetan musika-tresnak jo eta batukada erritmoak ikasteaz gain, beste lanketa batzuk egiten ditugu. Dinamika edo eztabaida bidez feminismoaren hainbat gai, talde-kohesioa, konfiantza eta zirrarak lantzen ditugu, besteak beste. Hori da proiektuaren oinarria. Hori guztia gero kalean ikustarazten dugu, indarrez, segurtasunez eta alaitasunez taldean irteten garenean.

Zer sentitu zenuen sari jasotako unean?

Jaso aurretik oso urduri nengoen, baina Batukada Feministako kideak eta Jaizkibel Konpainia elkarrekin jotzen ikusi ondoren erabat hunkituta eta pozik nengoen. Saria azkenean talde osoari emandako aitorpena da, eta nik, Batukada Feministako ordezkari bezala, zapia jaso nuen unea harrotasunez eta zirraraz gogoratzen dut.

Beharrezkoak al dira horrelako sariak? Zergatik?

Baiezkoan nago. Lan asko egin da eta zoritxarrez asko dago egiteko. Borroka horretan dabiltza proiektu edo pertsona asko, eta aitorpenaz gain, jendeari proiektuak eta pertsonak ezagutaraztea lortzen da.

Hondarribiko alardea egin berri da. Ikusitakoaren zer balorazio egiten duzu?

Tristea. Ni ez nintzen bertan izan, Beasainen batukada genuelako. Halere, bertan egondako lagunen testigantzak izugarriak dira. Ulertezina egiten zait gaur egun horrelako egoerak ematea. Emakumeen eskubide guztiak lortzeko eta askatasun osoz elkarrekin bizitzeko, garbi dago lanean jarraitu beharrean garela.

Zer behar da horrelako egoerak alardean berriz ez ikusteko?

Heziketa eta administrazioaren jarrera aldatzea.

Nola ikusi duzu Jaizkibel konpainia alardearen ondorengo egunetan?

Egun hura tristuraz eta konpainiaren indarraren alaitasunaz oroitzen da eta ardura hartu da. Ikusi dut borrokan jarraitzeko indarra eta egoera salatzeko beharra dagoela.

Nondik eta nolatan sortu zitzaizuen taldea sortzeko ideia? Zergatik batukada?

Urte askoan nenbilen batukadan eta Arrasateko Jabetze Eskolako teknikariak deitu zidan Batukada Feminista ikastaroa antolatu nahi zuela esanez. Arantxa Vicedo aspaldiko ezaguna nuen batukada munduan, eta deitu egin nion Arrasateko proposamena azaltzeko. Biok gogotsu geundenez, elkarrekin idatzi genuen proiektu bat eta Arrasaten aurkeztu genuen. Une horretan hasi zen guztia. Ilusio handiz jarri genuen proiektua martxan 2012an. Lehen klaseak Arrasaten eman genituen, Jabetze Eskolan, baina pixkanaka herri gehiagotara zabaldu gara. Une honetan hamabi herritan ematen ditugu klaseak, astelehenetik larunbatera egunero. Horrez gain, irteerak ere egiten ditugu. Oso bizia eta polita ari da izaten proiektuaren hazkundea eta bilakaera. Gustura gaude sortzen ari garenarekin.

Batukada Feministaren sortzaileetako bat zara. Zer da ematen dizuna?

Asko ematen dit. Batukada Feminista familia bat da niretzat, terapia da, maitasuna da. Emakume zoragarri asko ezagutu ditut eta izugarri ikasi dut urte hauetan guztietan.

Zer da batukadarekin aldarrikatu nahi duzuena? Zein dira helburuak?

Gure helburuak dira musikarekin gozatzea eta gozaraztea, emakumeon artean harremana egitea eta talde-lanean elkarrekin ikastea, ahalduntzea. Autonomia eta independentzia bilatuz auto-garapen propioa bultzatzea ere gure asmoen artean dago. Feministok ikusiak eta entzunak izatea nahi dugu; gure nahia da aldarrikapenak eginez espazioak okupatzea.

Hasi zinetenetik zertan eta zenbat egin du aurrera batukada feminista taldeak?

Hasi ginenetik gaur egunera, Batukada Feminista sarea da. Herri ezberdinetako talde guztiak elkarrekin saretuta gaude, eta irteera guztietara elkarrekin joaten gara. Proposamena sarean dauden emakume guztiei bidaltzen diegu —150 aktibo inguru daude sarean— eta ahal eta nahi duten guztiek ematen dute izena. Hori sekulakoa da! Elkar laguntzen gara eta bitartean elkar ezagutzen gara. Batera indartsuagoak izan behar dugu. Bestalde, lau urte dira topaketak antolatzen ditugula eta urtero asteburu bat disfrutatzen dugu elkarrekin elkarbizitza landuz, eta tailerrak, kalejira eta festa eginez. Oso aberatsa izaten da. Azken bi urteetan Altsasun egin ditugu topaketak. Bertan izan garela baliatuta, Altsasuko gazteei babesa emateko atera izan gara kalera.

Azkoitian Batukada Feministaren tailerrak eskaintzen dituzue Emakumeak Ahalduntzeko Ikastaroen baitan. Zer nolako erantzuna dute tailerrek?

Orokorrean erantzun ona du. Ikastaro batzuetan jende gutxiago izan gara lanagatik edo beste zeregin batzuengatik. Horrek eragina du taldearen jarraikortasunean. Jotzeko lokalak bilatzen ere arazoak eduki ditugu. Aurten beste ikasturte berri bat jarriko dugu martxan eta ilusio handiz gaude. Probatzeko zalantzan dagoena animatu egingo nuke. Ez da musika mailarik behar, gogoa bakarrik.

Azkoitia eta feminismoa nola uztartzen dituzu? Nola ikusten duzu gaur egungo egoera? Eta etorkizunekoa?

Ikusi dut feminismoarekiko beste jarrera eta ulermen bat dagoela gaur egungo Azkoitian. Halere, feminismo hitza zer den ulertu nahi ez duen jende asko dago oraindik. Sinesmen zaharretan oinarritutako diskurtso bat dagoen arren, aldaketa ere ikusten da. Orokorrean, gazte jendea oso gogotsu ikusten dut. Sostenipe Talde Feminista ere saiatzen da borroka horren aurpegi desberdinak erakusten.

Feminismoaren alde lan egiteagatik inoiz egin al dizute kontra? Tentsio unerik izan al duzu?

Eztabaida asko eta tentsio une dezente bizitzea tokatu zait. Okerrena da, ordea, ezer ulertzeko intentziorik ez duela eztabaidatzen hasten den askok. Ez daude irekita oinarrian gertatzen dena jakiteko. Jakitean burua lantzea eta autokritika egitea tokatzen da. Errazena da kritikatzea eta argudio merkeak botatzea, eta zailena da bakoitzak bere buruari begiratzea, ingurukoen arrazoiak ulertzea eta gauzak aldatzeko lana egitea.

Baikorra al zara etorkizunarekin?

Baikorra naiz, atzera bueltarik ez baitu. Emakumeok nazkatuta gaude gure kontrako eraso estrukturala eta zuzena jasotzeaz. Diskriminatuak eta erailak gara, baina aldi berean gero eta indartsuagoak gara eta eraso bakoitzari aurre egingo diogu. Borrokan jarraituko dugu, autodefentsa feminista ikasiko dugu, eta elkar lagundu eta babestuko gara. Matxismoak eta sistema heteropatriarkalak egiten dizkigun erasoei denon artean egin behar diogu aurre. Ari gara, eta lortuko dugu.

MOTZEAN...


Amets bat: Gustatzen zaidan lana egiten jarraitzea.
Eredu bat: Sorginak. Konformatu ez eta askeago izateko borrokatzen dutenak.
Bizitzeko leku bat: Baserri bat, ondoan baratza duena.
Hitz kuttun bat: Ttur-ttur
Abesti bat: Zea Mays taldearen elektrizitatea eta beste asko!
Kolore bat: Morea
Zeri diozu beldurra? Beldurra izateari.
Damurik? Ez, ikasgai asko.
Zerk pozten dizu eguna? Eguzkiak, gure etxeko txikiaren irribarreak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide