Zenbat zabor, hainbat iritzi

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 1a, 09:17

Urola Erdiko Mankomunitateak 2018ko lehen seihilekoan Azkoitian jaso den hondakin kopurua kaleratu du. Datuen harira, iritzi kontrajarriak daude herriko talde eta alderdien artean, gaikako bilketa bidez jasotako hondakin kopurua interpretatzeko orduan: Udalak dio herritarrak «bide onetik» ari direla birziklatzen; Azkoitia Zero Zabor taldeak, berriz, datuak «lotsagarritzat» jo ditu; EH Bilduk «utzikerian» ikusten du EAJ, agindutako ehunekoa lortzetik «urrun» dagoelako; eta Mankomunitateak, azkenik, ez du datuen iritzirik eman nahi izan.

 

Udalaren arabera, «bide onetik» ari dira birziklatzen azkoitiarrak

2018ko lehen seihilekoan 2.270.071,7 kilo hondakin jaso dira guztira Azkoitian. Horietatik 1.421.399,1 kilo berreskuratu dira gaikako bilketaren bidez, hau da, %62,6. Datu horiek mahai gainean izanda, Udalak azpimarratu du Azkoitia «bide onetik» doala.

Udalak azaldu du helburua gaikako bilketako datuak ahalik eta gehien igotzea dela. Hori lortzeko, Udalak berriro aterako ditu kaleetara modu bisualean edukiontzi bakoitzera zer zabor mota bota erakusten duten dorreak. Birziklatu zalantzarik gabe leloa du kanpainak. Kanpainak herritarren konpromisoa eta hondakinen kudeaketa egoki baten inguruko sentsibilizazioa bilatzen ditu, sortutako zabor kopurua murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantziaz ohartaraziz. Izan ere, «kudeatu beharreko hondakin kopuru ikaragarriaren aurrean, ingurumen-inpaktua txikiagotzea, neurri handi batean, herritarren borondate onaren eta inplikazio mailaren esku» dagoela gaineratu du Udalak.

Sei hilabetetan, batez beste, biztanle bakoitzak 195 kilo hondakin sortu ditu, eta horietatik 122 kilo lirateke berreskuratu direnak. Ordea, kontutan hartu behar dela dio Udalak aipatutako zifrek kaleko zein industriaguneetako edukiontzietan jasotako hondakinak hartzen dituztela barne: «Izan ere, pasa den uztailera arte industriaguneetan gaikako bilketarako edukiontzia egon bazeuden arren, hondakin askok edukiontzi grisean amaitzen zuen. Lantegian edo fabrikan bertan kartoia bakarrik biltzen zen. Esan daiteke, beraz, gaikako bilketa industria eremuetan uztailetik hona bihurtu dela eraginkorra, uztailean hasi baitziren hondakin mota bakoitzaren bilketa pertsonalizatua egiten. Ordutik, fabrika edo lantegi bakoitzak hondakin mota bat ateratzen du bertatik hondakin horri dagokion kamioia pasatzen denean. Aldaketa horrekin orain arteko adierazleak aldatzea aurreikusten da, gaikako bilketa bidez jasotzen den portzentaiak eta kopuruak handituz. Oraindik, ordea, ez dago azken hilabete hauetako daturik», azaldu du Udalak.

Udalak herritarrak zoriondu ditu

Udalak herritarrak zoriondu ditu «egunez egun zaborrak dagokion tokira botatzerakoan egiten duten ahaleginarengatik» eta bide horretan jarraitzeko eskatu die. Horrekin batera, «kontu handixeagoarekin ibiltzeko» ere eskatu die hondakin organikoen kasuan, «ez dadin konpostaje prozesua arriskuan jarri»: «Orain arte, ondo egiten ari zen, baina azken asteetan arduragabetasun gehiagorekin jokatu denaren zantzuak antzeman dira eta horrek ahalegin kolektiboa bertan behera botatzen du. Ohiko erroreetako bat da hondakin organikoa dagokion edukiontzi marroira botatzea baina poltsa biodegradagarria erabili beharrean, beste edozein poltsatan botatzea», dio Udalak.

Jakina denez, Azkoitian doan eskura daitezke poltsa biodegradagarriak ondorengo establezimenduetan: Odazpi kafetegia (Anaitasuna plaza,1), Elurre kafetegia (Julio Urkixo 20), Lujan kioskoa (Kale Nagusia 72) eta Amalur bideoak (Julio Urkixo 13).

Zalantza sortuz gero, ingurumen sailetik aholkatzen da hondakina edukiontzi grisera botatzea, errefusaren ontzira, hain zuzen. «Helburua da –dio Ana Azkoitia zinegotziak- egunetik egunera hobetzen joatea. Asko aurreratu dugu eta orain erronka Azkoitian, eta dugun informazioaren arabera, beste ondoko herrietan eta baita Gipuzkoan ere, biltzen den materia organikoan inpropio (material desegokia) kopurua murriztea da. Ez gaitezen galdu zeren denok gara arduradunak. Erantzunkidetasunik ezean, ezinezkoa da emaitzak mantentzea edo hobetzea. Hobetu ditzakegula erakutsi beharra daukagu eta badut lortuko dugun konfiantza».

Mankomunitateak ikuskapenak egiten jarraituko duela gaineratu du Udalak, «gune bakoitzari dagokion neurriak hartu ahal izateko».

Azkoitia Zero Zabor: «Zoriondu?»

Azkoitian, %80ko gaikako bilketara iritsi ginen eta %60ra jaitsi garenean zoriontzeko moduan al gaude?», dio Zero Zabor taldeak. Bost urte pasatu dira %70eko gaikako bilketa lortzea adostu zela. EAJk ere alde bozkatu zuen. «Dena ondo doanaren itxura ematen ahalegintzen da Udala, titular ponposoak argitaratuz, baina edukiontzietan zer nahaspila egoten den ikustea besterik ez dago, kontua nahikoa aldrebestua dagoela konturatzeko. Hondakin organikoa txukun bereizten dugu batzuok; ordea, beste arduragabe batzuek hondakinak bereizi gabe botatzen dituzte eta besteon lana izorratzen digute. Udala, jakinaren gainean egonda, konpontzeko ezer ez egitea arduragabekeria hutsa da, ingurumenarentzat eta udal ekonomiarentzat kaltegarria delako», azaldu du.

«Bestalde, adibide larri bat, isilik pasatu zena, aipatu beharrean gaude: 2015eko urritik 2016ko abendura arte, edukiontzi horira botatako hondakinak bereizte plantara bideratu beharrean, zabortegira bideratu zituzten, gaizki sailkaturiko hondakinen maila altuagatik. Gure datuen arabera, gertaera horrek herritarren ekonomian 420.000 euroko galera ekarri zuen. Birziklatzeagatik zegozkigun 320.000 euro galdu genituen, eta, gainera, 600.000kg horiek zabortegira eramateagatik 100.000 euro ordaindu behar izan genituen. Ontzi arinen gaizki sailkaturiko hondakinekin arazo larria egon zen, eta batzuen arduragabekeriak besteen lan ona izorratzen zuen bitartean, ez zen neurri zuzentzailerik hartu; hondakin organikoekin gertatu zen bezalaxe. Hala ere, gauzak ez dira konpondu. Orain ere desegoki sailkaturiko hondakinekin arazo larriak daude, eta ez da zuzentzeko ahaleginik egiten», gaineratu du.

Zero Zabor taldeak Azkoitiko Udalari ondorengoa galdetzen dio: «Adostutako gutxieneko %70ean egon baginen 2014an, lau urteren ondoren gaikako bilketa %10 gutxitzeari buruz zer iritzi duzue? Autokritikarik egin al duzue? Non dago denborarekin datu horiek hobetzen joateko konpromisoa? Agintariei eskatzen diegu jarraipena eta gauzak zuzentzeko ahalegina».

Bukatzeko, azpimarratu nahi izan dute, herritarren parte hartzearekin eta udalbatzaren onespenarekin, Azkoitiko hondakinen bilketak bermatu beharko lituzkeen gutxieneko irizpide batzuk zein diren:

  •  Sistema ezartzen den urtean (2014an) sailkatze maila %70era iristea, eta ondorengo bi urteetan %80-%85era iristea.
  • Gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eredua izatea.
  • Errefusari atea itxiko dion sistema izatea.
  • Hondakinak sailkatzea herritar guztion betebeharra da.
  • Prebentzio politikak beharrezkoak dira.
  • Bilketa eredua zehazterakoan irizpide teknikoak hartuko dira kontuan.

Hondakinen Mahaiak irizpide horiek betetzeko eskatu zion Udalari, eta 2013ko udalbatzak konpromiso hori hartu zuen, EH Bilduren, Azkoitia Bairen eta EAJren aldeko botoekin.

Zero Zaborrek azaldu duenez, EAJk irizpideak ontzat eman zituen arren, «puntu horietatik bat bera ere ez da betetzen egun. Lotsagarria».

Urola Erdiko Mankomunitatea, baloraziotik at

Urola Erdiko Mankomunitatearekin harremanetan jarri da Maxixatzen, Azkoitiko birziklatze datuen inguruko azken seihilekoaren balorazio bat eskatzeko. Jakina denez, Mankomunitatea da gai honen arduradun nagusia. Ordea, ez digutela horri buruzko iritzirik eta baloraziorik eman nahi azaldu digute. Azkoitiko birziklatze datuak publikoki aurrerago aurkeztuko dituztela erabaki dute, Urola Erdiko beste herrietako datuekin batera. Bestalde, erreportaje honetan parte ez hartzea erabaki dute, Azkoitiko Udalaren eta Mankomunitatearen arteko harremana ez dagoelako bere onenean, besteak beste.

Azkoitiko EH Bildu: «Utzikerian ikusten dugu Udal Gobernua; ez du neurri eraginkorrik ezartzen agindutako %70era iristeko»

«Arazoak aspalditik daude Azkoitian hondakinekin», dio Azkoitiko EH Bilduk. Aurreko legealdian, emaitza «kaskarrak» kontuan hartuta, sistema aldatu zen. «Ez zen guztien gustukoa izan, baina emaitzak hor daude», gaineratu du. Martxan egon zen sasoian %70eko helburua «aise» bete zen hilabete guztietan, orokorrean %75 inguruan ibili zelarik, eta puntualki %80ra iritsiz.

Egindako galdeketaren eta Udal Gobernu aldaketaren ondorioz, 2015eko uztailean Udal berriak sistema aldatu zuen. «Eta okerrerako izan zen, nabarmen». EH Bilduren ustez, orduz geroztik, EAJk ez du neurri eraginkorrik jarri martxan. «Hitzetan eta ekintza hutsaletan gelditu da. Egia da 2015ean arazoak egon zirela bilketan, eta Urola Erdiko Mankomunitateari konponbideak eskatu zitzaizkiola, baina egindako proposamenei uko egin zieten Udal arduradunek. Hortaz, edukiontziak irekita uztea erabaki zen eta hezitzaileak/ikuskatzaileak kendu ziren, kostu kontua zela-eta», azaldu du. Gero, inpropio arazoak medio, GHK-k ez zituen organikoa eta ontzi arinak onartu epe luzez, «gauzak gaizki egiten ari zirelako».

«Arazoek hor jarraitzen dute, eta urteak aurrera doaz. Iaz, edukiontziak batera jasotzen zituzten, zabor guztia nahastuz, inpropio asko zituztelako. Hori dela eta, Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean, kanpaina informatiboa abiatu zen. Hala ere, emaitzek antzera jarraitu zuten. Eta aurten, %63 eskasekin, gauzak ondo omen doaz. Beraz, ez dakigu utzikeria den, inozokeria, gaiztakeria, edo aurretik gauzak ondo egin zirela aitortzeko beldurra», dio EH Bilduk. «Kudeatzaile onak gauzak ondo ez doazenean eginbideak aldatzen ditu; kosta ala kosta, ondo joan daitezen. Baina badirudi batzuek norberarena ez denarekin, edo denona denarekin, ez daukatela inolako begirunerik. Balizko kostu politiko baten aitzakian, edo beste herri bat behar ez den errauskailuaz kutsatzeko eskrupulurik gabe, utzikerian, ikusten dugu Udal Gobernua; ez du neurri eraginkorrik ezartzen, 2015ean agindutako %70era gerturatu ere egiten ez garenean», gaineratu du.

«Baina kudeatzaile onak omen dira: %70eko helburua ez da bete, eta itxura guztien arabera, legealdiari geratzen zaion denboran ere ez da beteko. Hori ikusita, konponbidea zein da?», galdetzen du EH Bilduk. «Erraza, hasierako helburua aldatu eta kito! Hauek bai kudeatzaile onak!».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide