Bolumen handiko hondakinen bilketak «hobera» egin du Mankomunitatearen arabera

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 3a, 09:24

Bolumen handiko hondakinen bilketa «emaitza onak» ematen ari da Mankomunitatearen arabera. Edonola ere, jendeari gogorarazi nahi diote Emausek doan jasotzen dituela etxetik, 656 789 574 telefonora deituta.

 

Bolumen handiko hondakinak biltzeko zerbitzua duela urtebete aldatu zen. Ordura arte, kaleko edukiontzietan uzten ziren egun jakinetan. Iazko uztailetik, ordea, Emaus Kooperatibaren bidez egiten da bilketa, eta Urola Erdiko Mankomunitatearen arabera, «aldaketa onerako izan da».

«Urtebetean –dio Mankomunitateak- bolumen handiko hondakinen bilketak hobera egin du: berrerabiltzen den hondakin kopurua hirukoiztu egin da eta zabortegira bideratutakoa erdira jaitsi da. Hori horrela, zoriondu egin behar ditugu herritarrak. Bestalde, zoriondu zerbitzuaren aldaketa ondo egin delako, hondakin gutxi azaltzen baita kaleko edukiontzien alboan. Era berean, nabarmen igo da bolumen handiko bilketan diharduen Emaus kooperatibak jasotako deiak».

Emausek honako materiala biltzen du:

-Tresna elektriko edo elektronikoak, esaterako, telebistak, irratiak, garbigailuak, berogailuak eta abar.

-Egurrezko, metalezko edo beirazko osagaiak dituzten altzariak (armairuak eta antzekoak, mahaiak, mesanotxeak, besaulkiak, sofak eta abar).

-Oheak, andak, somierrak eta lastairak.

-Era guztietako arropak, oinetakoak, jostailuak, liburuak eta beste edozein antzeko objektu.

Horrelako materiala jasotzeko nahikoa da 656 789 574 telefonora deitu eta hitzordua jartzea. Emaus Kooperatibako langileak doan joaten dira norberaren etxera jasotzera.

Bolumen handiko hondakinak botatzeko herritarrek badute beste aukera bat: Garbigunera eramatea. Bi zerbitzuetako edozein erabili daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide