Udalaren arabera «bide onetik» ari dira birziklatzen azkoitiarrak

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 13a, 13:39
Lujan kioskoan eskura daitezke poltsa biodegradagarriak, besteak beste.

2018ko lehen seihilekoan 2.270.071,7 kilo hondakin jaso dira guztira Azkoitian. Horietatik 1.421.399,1 kilo berreskuratu dira gaikako bilketaren bidez, hau da, %62,6. Datu horiek mahai gainean izanda, Udalak azpimarratu du Azkoitia «bide onetik» doala.

 

Udalak azaldu du helburua gaikako bilketako datuak ahalik eta gehien igotzea dela. Hori lortzeko, Udalak berriro aterako ditu kaleetara modu bisualean edukiontzi bakoitzera zer zabor mota bota erakusten duten dorreak. Birziklatu zalantzarik gabe leloa du kanpainak. Kanpainak herritarren konpromisoa eta hondakinen kudeaketa egoki baten inguruko sentsibilizazioa bilatzen ditu, sortutako zabor kopurua murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantziaz ohartaraziz. Izan ere, «kudeatu beharreko hondakin kopuru ikaragarriaren aurrean, ingurumen-inpaktua txikiagotzea, neurri handi batean, herritarren borondate onaren eta inplikazio mailaren esku» dagoela gaineratu du Udalak.

Sei hilabetetan batez beste biztanle bakoitzak 195 kilo hondakin sortu ditu, eta horietatik 122 kilo lirateke berreskuratu direnak. Ordea, kontutan hartu behar dela dio Udalak aipatutako zifrek kaleko zein industriaguneetako edukiontzietan jasotako hondakinak hartzen dituztela barne: «Izan ere, pasa den uztailera arte industriaguneetan gaikako bilketarako edukiontzia egon bazeuden arren, hondakin askok edukiontzi grisean amaitzen zuen. Lantegian edo fabrikan bertan kartoia bakarrik biltzen zen. Esan daiteke, beraz, gaikako bilketa industria eremuetan uztailetik hona bihurtu dela eraginkorra, uztailean hasi baitziren hondakin mota bakoitzaren bilketa pertsonalizatua egiten. Ordutik, fabrika edo lantegi bakoitzak hondakin mota bat ateratzen du bertatik hondakin horri dagokion kamioia pasatzen denean. Aldaketa horrekin orain arteko adierazleak aldatzea aurreikusten da, gaikako bilketa bidez jasotzen den portzentaiak eta kopuruak handituz. Oraindik, ordea, ez dago azken hilabete hauetako daturik», azaldu du Udalak.

Udalak herritarrak zoriondu ditu

Udalak herritarrak zoriondu ditu «egunez egun zaborrak dagokion tokira botatzerakoan egiten duten ahaleginarengatik» eta bide horretan jarraitzeko eskatu die. Horrekin batera, «kontu handixeagoarekin ibiltzeko» ere eskatu die hondakin organikoen kasuan, «ez dadin konpostaje prozesua arriskuan jarri»: «Orain arte, ondo egiten ari zen, baina azken asteetan arduragabetasun gehiagorekin jokatu denaren zantzuak antzeman dira eta horrek ahalegin kolektiboa bertan behera botatzen du. Ohiko erroreetako bat da hondakin organikoa dagokion edukiontzi marroira botatzea baina poltsa biodegradagarria erabili beharrean, beste edozein poltsatan botatzea», dio Udalak.

Jakina denez, Azkoitian doan eskura daitezke poltsa biodegradagarriak ondorengo establezimenduetan: Odazpi kafetegia (Anaitasuna plaza,1), Elurre kafetegia (Julio Urkixo 20), Lujan kioskoa (Kale Nagusia 72) eta Amalur bideoak (Julio Urkixo 13).

Zalantza sortuz gero, ingurumen sailetik aholkatzen da hondakina edukiontzi grisera botatzea, errefuxaren ontzira, hain zuzen. «Helburua da –dio Ana Azkoitia zinegotziak- egunetik egunera hobetzen joatea. Asko aurreratu dugu eta orain erronka Azkoitian, eta dugun informazioaren arabera, beste ondoko herrietan eta baita Gipuzkoan ere, biltzen den materia organikoan inpropio (material desegokia) kopurua murriztea da. Ez gaitezen galdu zeren denok gara arduradunak. Erantzunkidetasunik ezean, ezinezkoa da emaitzak mantentzea edo hobetzea. Hobetu ditzakegula erakutsi beharra daukagu eta badut lortuko dugun konfidantza».

Mankomunitateak ikuskapenak egiten jarraituko duela gaineratu du Udalak, «gune bakoitzari dagokion neurriak hartu ahal izateko».

Taula honetan ikus daiteke 2018ko lehen seihilekoan Azkoitian jaso den hondakin kopurua:

 

2018

 

Bildutako hondakin kopurua kilotan

 

Gaikako bilketa bidez jasotako hondakin kopurua kilotan

Urtarrila

401.436

253.102 (%63,05)

Otsaila

350.173

221.549 (%63,27)

Martxoa

357.431

217.224 (%60,77)

Apirila

411.019,88

266.286,76 (%64,79)

Maiatza

391.153,82

245.444,39 (%62,75)

Ekaina

358.858,15

217.793,02 (%60,69)

Guztira

2.270.071,7

1.421.399,1 (%62,60)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide