Andramaixek 2018

Lehertu da festa!

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 14a, 14:55

Udalak omenaldia egin die Jauregiri eta Irizarri gaztetxeoen artean euskara eta euskal kultura sustatzen eta euskal munduaren eta tradizioen transmisioan egindako lana aitortzeko. Javier Zubizarretak esker hitzak izan ditu bi omenduentzako, eta ondoren Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Eneritz Artetxek eta Julene Iturbek bertso bana eskaini diete. Omenaldiaren ostean, udaletxeko balkoira irten aurretik protagonistek bertso bana eskaini diete udaletxera bertaratutakoei. 12:00etan puntuan, aurtengo andramaixei hasiera emateko txupinazoa bota dute euria egin arren goraino beteta zegoen plazaren aurrean.

Eztanda eta segituan, Azkoitiko Musika Bandak 'Ondo pasau Andramaixek' jo du, eta jarraian 'Azkoitia' kanta abestu du plaza batutako jendetzak Musika Bandaren, Parrokiko abesbatzaren eta Iraurgi abesbatzaren laguntzarekin. Txalkor txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak kalejira egin dute herriko kaleetan zehar. Herriko buruhandiak eta Azkoitiko eta Txantreako erraldoiek ere alaitu dituzte kaleak ondoren. Musikarik eta dantzarik ez da falta izan goizean herrian. Festei hasiera eman aurretik, 09:00etan, IX. Jokin Ormaetxea gazte mailako txirrindulari lasterketa jokatu da. Plaza Berrin izan du helmuga.

Arratsaldeko eta gaueko egitaraua

Arratsaldean, 17:00etan, haur parkea izango da Herriko Plazan. 18:00etatik aurrera, txosnagunea DJek girotuko dute. Honako DJ hauek arituko dira Goiko Losan: Panda, Luis Orza, Krakovia, The Naturist, Alexander Loop eta Xugua, Juantxi eta Anartz.19:45ean, berriz, 'Mariachi, Sonidos de Mexico' taldeak herriko kaleak zeharkatuko ditu bere kale ikuskizuna erakusteko. 19:50ean, berriz, udalbatzari parrokiara lagunduz, Txalkor Txistulari taldeak 'Alkate Soinua' joko du. Parrokian, 20:00etan, 'Salbea' abestuko dute. Egunarekin amaitzeko, 23:00etatik aurrera, 'Mariachi, Sonidos de Mexico' taldeak dantzaldia eskainiko du, herriko plazan.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide