Andramaixek 2018

Afrikar jaia, txirrindularitza eta futbola andramaixei ongietorria egiteko

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 10a, 12:30

Bihar, abuztuak 11, afrikar jaia, txirrindularitza eta futbola izango dira, Azkoitian. 10:00etatik 20:00etara bitartean, afrikar jaia ospatuko dute herriko plazan. 11:00etan, herriko eta inguruetako txirrindulariek Martitteko Igoera egingo dute. 18:00etan, berriz, Anaitasunak eta Beasainek arteko futbol lagunartekoa jokatuko dute, Txerloian.

 

10:00etan hasita, Renndo Elkartu Afrikar Jaia ospatuko da herrian. Festarekin hasteko, herriko plaza atontzen eta bazkaria prestatzen hasiko dira. 11:00etan, berriz, jaia aurkeztuko dute poesia emanaldi batek lagunduta. Eguerdian, 12:00etan, lau eta zazpi urte bitarteko haurrentzako jokoak eta jolasak egingo dituzte. 14:00etan, aurrez izena emandakoek bazkaria egingo dute.

Festak arratsaldean izango du jarraipena, izan ere, 17:00etan, 'Bostetako tea' eskainiko dute nahi duten guztientzat. Segidan, afrikar jantzien erakusketa egingo dute. 18:00etan, afrikar dantzek eta danborrek alaituko dute herriko plaza 20:00etara arte, orduan amaituko baita festa.

Txirrindularitza eta futbola

Martitteko Igoera 11:00etan abiatuko da herriko plazatik. Izena 10:00etatik 10:45era bitartean doan eman beharko da plazan bertan. 3,7 kilometroko ibilbidea du probak, eta azken urteetako denborei erreparatuz gero, aurten ere azkarrenak hamaika-hamabi minuturen bueltan iritsiko dira Martittera.

Arratsaldean, berriz, futbolak hartuko dio lekukoa txirrindularitzari. 18:00etan, Anaitasunak eta Beasainek Xabier Sagarzazuren omenezko XXII. Andra Mari Saria jokatuko dute, Txerloian. Anaitasunaren denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa izango da biharkoa. Gorrixek aurrean izango dituzte Beasaingo futbol taldeko Jose Luis Ribera entrenatzaile azkoitiarra eta Unai Aranbarri eta Julen Iriarte futbol jokalari azkoitiarrak. Lagunartekoa ikusteko sarrera doan izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide