Renndo Elkartu afrikar jaia ospatuko da herrian, abuztuaren 11n

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 2a, 12:27

Abuztuaren 11an, zapatua, Renndo Elkartu afrikar jaia ospatuko da, herriko plazan, Fulbe Pulaar Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatuta. 10:00etatik 20:00etara bitarteko jaia antolatu dute. Afrikako musika, dantza, gastronomia ezagutu eta Afrikako herritarrekin harremana egiteko aukera izango da herrian.

 

10:00etan, herriko plaza eta bazkaria prestatzen hasiko dira. 11:00etan, berriz, jaia aurkeztuko dute poesia emanaldi batek lagunduta. Eguerdian, 12:00etan, lau eta zazpi urte bitarteko haurrentzako jokoak eta jolasak egingo dituzte. 14:00etan, aurrez izena emandakoek bazkaria egingo dute. Bazkarirako izena emateko epea abuztuaren 7an itxiko da. Hprretarako 602 364 041 telefono zenbakia zabaldu dute edota fulbeazkoitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da. Plazak mugatuak izango direla jakinarazi dute.

Festak arratsaldean izango du jarraipena, izan ere, 17:00etan, 'Bostetako tea' eskainiko dute nahi duten guztientzat. Segidan, afrikar jantzien erakusketa egingo dute. 18:00etan, afrikar dantzek eta danborrek alaituko dute herriko plaza 20:00etara arte, orduan amaituko baita festa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide