Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko dauden aukeren azterlana egiteko eskatu du udalak

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 18a, 12:42

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko alternatiben azterketa abiatu du Udalak. «Egoerari soluzioa jartzeko borondatea eta konpromisoa» azaldu ditu Udalak, eta orain aukeren azterlana esleitu dio LKS enpresari.

 

«Irtenbiderik aproposena zein izan daitekeen kontutan hartuta, gainera, auzoa zabaltzen ari da. Visesa ari da Tekla bezala ezagutzen den gunean babes ofizialeko etxeak eraikitzeko lanetan. Aurkezten diren planteamendu guztiek aintzat hartu behar dituzte baita gune berri horretako bizilagunek izan ditzaketen beharrak», azaldu dute udaletik.

Aurreko astean bildu zen alkatea auzoko ordezkariekin azterlanaren esleipenaren berri emateko eta «pixkanaka aurrera» jo ahal izateko. Udalak adierazi duenez, Floreagako bizilagunek «bere esker ona» agertu diote Javier Zubizarreta alkateari «aurrerapauso» horregatik. Aurreikuspenen arabera, urrirako amaituta izango da alternatiben azterketa.

Udala, auzoko irisgarritasunak eragiten dituen arazoez jabetuta, neurri ezberdinak hartzen joan da eta «ukaezina da inbertsio garrantzitsuak» egin direla. «Bertako irisgarritasuna konplexua da, batez ere, pertsona nagusientzat edo ezgaitasun fisikoren bat pairatzen dutenentzat», azpimarratu dute udaleko ordezkariek. «Udalak auzora iristeko modua hobetzeko egon daitezkeen aukerak zeintzuk diren jakin nahi du, irisgarritasun ezari soluzioa jartzeak zer nolako bideragarritasuna izan dezakeen aztertu ahal izateko».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide