EHUren Udako Ikastaroak inauguratu dituzte, Intxausti Jauregian

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 12a, 11:58

Mendizabal, Tapia, Zubizarreta eta Alvarez.

Gaur goizean hasi dituzte EHUren Udako Ikastaroak, Intxausti Jauregian. 09:30ean aurkeztu dute 'Migrazioa eta mugikortasuna kanpoan den Euskal Komunitatean' ikastaroa, eta jauregian izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, Juan Bautista Mendizabal Gipuzkoako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria, Fernando Tapia EHUren Udako Ikastaroetako ordezkaria eta Gorka Alvarez Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria.

 

Ikastaroak gaur eta bihar artean eskainiko dituzte. Gaur lau txosten aurkeztuko dituzte, eta bihar bi. Ikastaroaren ordezkarien arabera, «interesgarriena» Marcos Muro Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak emango duen hitzaldia izango da. Kanpoan den euskal gazteriaren inguruan hitz egingo du Murok, 10:30etik aurrera.

Gaur goizeko aurkezpeneko lehen hitzak Javier Zubizarreta alkateak egin ditu. «Askotan, euskal diaspora, folkloreagatik edo erromantizismoagatik lotzen dugu. Horrek, ordea, euskal diaspora azaletik ezagutzera garamatza soilik», hasi du hitzaldia Zubizarretak. «Ziur naiz sakontzeko eta hausnartzeko asko dagoela», gehitu du alkateak. «Diasporak erakusten digu nor garen, nondik gatozen eta nora goazen. Egia da, ordea, Amerikara bizitza hobeagoa egiteko edo gerratik ihes egiteko asmoz joandako euskaldunen irudia oso urrun dagoela gaur egun beste herrialde batzuetan bizi diren euskaldunen errealitatetik». azaldu du.

«Zer egin dezakegu gure diasporagatik?», galdetu du alkateak. Bertan edo kanpoan bizi diren euskaldunak konektatuta mantentzeko eta harremanak estutzeko premia ikusi du Zubizarretak. «Ikastaroetan parte hartuko duten gonbidatuen zerrenda ikusita, ez dut inolako zalantzarik ekintzen plan bat egiteko moduko ondorio garrantzitsuak aterako direla. Helburua da sare berriak ehuntzea, mundu osoko euskaldunak eta horien ondorengoak batzea», esan du. Zubizarreta ziur da ikastaroa aurrerapausoa emateko baliagarria izango dela, eta eman beharreko urratsak zehaztuko dituela. Azkenik, Azkoitiko herria bisitatzeko gonbidapena egin die bertaratutako guztiei.

Juan Bautista Mendizabal Gipuzkoako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakariak hartu du hitza ondoren. «Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrerako ardatza dugu gaur hemen: hezkuntza», azaldu du Mendizabalek. Euskal Herriko Unibertsitateari eskerrak eman dizkio hasteko. «Mundu guztian zabaldutako euskaldunen artean oso gaurkotasun handiko gaia da gizarte harremana. XVIII. gizaldian, mundu guzti horrekin izan zituen harremanen erreferentziazko euskara elkartea izan zen Euskalerriko Adiskideen Elkartea», nabarmendu du. «Pozik» agertu da Mendizabal, berriz ere «elkarlanean» loturak «sendotzen» ari direlako.

Ondoren, Fernando Tapia EHUren Udako Ikastaroetako ordezkari azkoitiarrak azaldu du ikastaroen helburua «datozen urteetan euskal komunitatearen inguruan jarri beharreko ekimenak zehaztea» dela. Zalantzarik ez du azkoitiarrak bi egunetan ikastaroan burutuko dituzten hausnarketek etorkizuneko politika publikoen oinarri izan behar duten ondorioak ateratzeko balioko duela. EHUrentzat gaiak duen garrantzia azpimarratu du, segidan. Euskal diaspora «talentuz» betetako kutxa dela esan du EHUko ordezkariak, eta erakundeek eta EHUk talentu espezialaren «beharra» duela azaldu du. Kanpoan dagoen talentua erakartzea garrantzitsua da Tapiarentzat. «Harridura sortzen du urte luzez altxor baliotsu horri onurarik ez diogulako atera», gehitu du jarraian.

Hitz egiten azkena Gorka Alvarez Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria izan da. «Niretzat plazer handia da gaur Azkoitian egotea eta ikastaro honi hasira ematea. Hilabeteak eman ditugu lanean bi eguneko ikastaro hau prestatzeko», azaldu du Alvarezek. Ordezkari eta eragileei eskerrak eman dizkie ikastaroa Azkoitian egiteko hartu den erabakiagatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide