Zubiberri Gimnastika Erritmikoa: «Urte osoko lana bertan erakusteko gai izan gara, eta hori guretzat ikaragarria izan da»

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 30a, 12:20

Ainhize Azpiazu (1996), Garazi Urdalleta (2000), Piuquen Suárez (2000), Maria Santizo (2001) eta Oihane Urain (2002) Zubiberri Gimnastika Erritmikoko bost taldekide dira. Euskadiko txapelketa irabazi berri dute, eta Maxixatzenek argitara atera du haiek urteetan ezkutuan egindako lana.

 

Zer da kirol honetatik gehien gustatzen zaizuena?

Ez da lehiatzea soilik, klubean bertan dagoen giroa ere garrantzitsua da guretzat. Sortu dugun familia da gehien gustatzen zaiguna. Taldean oso giro ona daukagu; ordu asko pasatzen ditugu batera. Ondo ezagutzen gara elkar, elkarren egun txar guztiak zein diren ezagutzen ditugu, eta badakigu hori eramaten. Kirol honetan ezinbestekoa da.

Elkarri animoak ematen aritzen zarete beti. Funtsezkoa al da?

Bai. Ez dugu soilik elkar animatzen taldean lan egiten dugunean. Bakarka aritzen garenean ere ahalik eta gehien animatzen saiatzen gara, elkarren babesa oso garrantzitsua baita.

Akatsen bat egindakoan zer sentitzen da? Aurrera jarraitzea erraza al da une horietan?

Behin akatsen bat egindakoan, onena hori alde batera utzi eta aurrera jarraitzea da, egiteko falta zaizun guztia ondo egin ahal izateko. Urte guztian zehar horretarako entrenatzen dugu, eta lehiaketako akats batekin ahultzen bagara, lan guztia alferrikakoa denaren sentsazioa izatera iritsi ahal gara. Beraz, gure ariketaren azken segundora arte borrokatu behar dugu.

Lesiorik izan al duzue? Nola eramaten da hori?

Lesioak izatea oso erraza da kirol honetan. Esaterako, bizkarreko lunbalgiak, bihurrituak eta kontrakturak dira lesio ohikoenak. Gehienbat bizkarra, belaunak eta orkatilak dira gorputzeko atalik kaltetuenak. Lesioak izateak, beste kirol askotan bezala, karga psikologiko handia dakar berekin. Entrenatzea nahi izaten duzu, nahiz eta fisioterapeutak atseden hartzeko esan.

Zenbat orduz entrenatzen zarete?

Lehiaketa garaian, astean hamar orduz aritzen gara entrenatzen. Lourdes Muñoz eta Visi Gutierrez dira gure entrenatzaileak, eta haiekin aritzen gara astelehenetan eta asteazkenetan 18:00etatik 20:30era bitartean, eta ostiraletan 15:30etik 20:30era.

Nolako aholkuak ematen dizkizuete entrenatzaileek, gertukoek eta etxekoek?

Ahal dugun guztia emateko entrenatzaileek; asko exijitzen digute. Talde lana asko sustatzen dute. Gertukoek, aldiz, askotan gehiegi entrenatzen dugula esaten digute, eta asko entrenatu arren gauzak ez badira ondo irteten, ez dela ezer gertatzen. Etxekoek ematen diguten indarra eta babesa, berriz, beharrezkoa dugu. Txapelketa guztietara etortzen dira animatzera, eta egia esan, beraiek gu baino okerrago pasatzen dute askotan. Gure jarraitzailerik leialenak dira (kar, kar). Lan handia egiten dugula ikusten dute, eta pena handia hartzen dute beraiek ere guk akatsen bat egindakoan.

Euskadiko txapelketa irabazi duzue. Nolako bizipena izan da?

Denboraldian zehar, gorabehera asko izan ditugu, eta aurrera egitea lortu dugu. Urte osoko lana bertan erakusteko gai izan gara, eta hori guretzat ikaragarria izan da. Ariketa amaitu orduko, arnasa hartu, eta “orain bai, orain lortu dugu” pentsatu genuen. Lehen postua gurea zela jakin genuen unea izugarria izan zen.

Zein modalitatetan irabazi duzue?

Hamar mazekin aritu gara aurtengo denboraldian. Kadete bat, hiru gazte eta senior batekin osatutako taldea dugu, eta gure taldea Jubenil A mailan lehiatzen da.

Zein izan da talde bezala zuen lorpenik handiena?

Aurtengoa, inongo zalantzarik gabe. Euskadiko txapelketan ariketa aurrera ateratzea, eta horrekin lehenengo postua lortzea.

Koordinazioa, abiadura, estetika… Ezaugarri asko batzen ditu gimnastika erritmikoak? Prestatzerako orduan, zein arlok du zailtasunik handiena?

Gorputzeko atal guztiak ondo koordinatzea eta bostok ariketa aldi berean egitea da zailena.

Jantziei garrantzia berezia ematen al diezue?

Bai, garrantzitsuak dira guretzat. Aurten erabili dugun jantzia urdina eta beltza da, gehienbat. Duela urte batzuk taldeak berak diseinatutakoa da. Klubak erosten ditu, eta geu arduratzen gara apaintzeaz eta zerbait puskatuz gero josteaz edo konpontzeaz.

Oro har, gimnastika erritmikoa asko aldatu al da?

Aldatzen ari den kirola da. Arauak, esaterako, lau urtetik behin federazioak aldatu egiten ditu, Olinpiar Jokoen ondoren.

Ondo baloratutako kirola dela uste al duzue?

Ez da asko ezagutzen. Orokorrean dantza arrunt bat egiten dugula uste da, baina gimnastika erritmikoa hori baino gehiago da. Aukera duen pertsona oro gimnastika erritmikoa gehiago ezagutzera animatu nahi dugu.

Zuen kirolean lan ona egiteko zer behar da?

Konstantzia, esfortzua, lan egiteko dedikazioa, kooperazioa, elkarren babesa eta, batez ere, diziplina.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide