20 urtez begiei IZPIa ematen

Babestutako albistea 2018ko uzt. 17a, 20:00

Aloña Larrañagak (Azkoitia, 1973), Amaia Urangak (Azkoitia, 1972) eta Gentzane Garciak (Getxo, 1978) osatzen dute Izpi optikako lantaldea. Hogei urte bete ditu aurten zentroak. Aldaketa asko izan ditu bitarte honetan giza ikusmena zaintzeko lanbideak, eta, hori aintzat hartuta, gaur egungo teknika berrienak erabiltzen dituzte Izpin.

 

Gaur egun zentroa dagoen leku berean hasi zen Aloña Larrañaga bere kabuz 1998. urtean. Hogei urte eta gero, Amaia Uranga —aholkularitza eta optika laguntzailea—, Gentzane Garcia (optometrian eta terapia bisualean doktoratua) eta Aloña Larrañaga —optiko optometrista eta audiologian aditua— dira lantaldeko kideak. Lana egiteko modua asko aldatu da hogei urteotan, eta gaur eguneko teknikak erabiltzen dituzte Izpin begiko arazoak saihesteko.

Izpi Optikan garrantzia handia ematen zaio begi-osasunari. Graduazioez gain, erretinaren osasuna, begiaren barruko osasuna, tentsioa eta abar aztertzen dira bertan. Begiko gaixotasunak detektatzeko gailu berriak dituzte zentroan, eta lana hobeto egitera iritsi direla aitortu dute. Begiaren osasuna zaintzeko, hiru modutan egiten dituzte aztertze-lanak:

- Erretinografia: bezeroaren erretinari argazkiak ateratzen dizkiete lehenik. Erretina begiaren atzeko zatia da, burmuinarekin konexioa duena. Erretinak arazoak ematen dituenean berandu izan ohi da sarritan, eta hori detektatzeko modua argazkia ateratzea da. Analisiak eginda, gaixotasun asko ekidin daitezke.

- Topografia: begiko lehen geruzako irregulartasunak aurkitzen dira teknika honekin. Begiko lehen geruzaren mapa bat ateratzen da, irregulartasun horiek aurkitzeko. Neurrira egindako lentilen egokitzapenerako ezinbestekoa da.

- Tonometria: Begiko tentsioa hartzeko lan garrantzitsua da. Glaukoma bezalako arriskuak detektatzen dira. Hori saihesteko edota ahalik eta azkarren atzemateko ere egiten dute lan Izpi Optikan.

- Betaurrekoak egiterako orduan neurriak hartzeko ere asko aldatu da lana egiteko modua. Orain argazkiak ateratzen dituzte, betaurrekoa aurpegian nola ahokatzen den kalkulatzen dute, hori guztia inklinazioa eta kurbadura kontuan hartuta. Zentroan, gainera, bezeroek eskatzen dituzten betaurreko guztiak lortzen ahalegintzen dira.

Berrikusteak eta terapiak

Berrikusteak egiteko modua ere aldatu egin da. Lehen dioptriak igo edo jaitsi ziren begiratzen zen soilik; orain, berrikusketa sakonagoak egiten dira. Azterketa optometrikoan, dioptriak neurtzeaz gain, begiek funtzionamendu egokirako behar dituzten gaitasun guztiak neurtzen dira. Eraginkortasun bisualak garrantzia handia du optikako adituentzat, kontua ez baita bakarrik pertsonak betaurrekoak behar dituen edo ez. Umeek gauzak ondo integratzen dituzten edo ez ere kontuan hartu behar da. Informazio guztia begitik eta belarritik jasotzen du pertsonak burmuinean, eta kontuan hartzekoa da informazio hori ondo interpretatzen eta barneratzen duen. Hor arazoak baldin badaude, ikusmen terapia egiten dute Izpi optikan, entzumen terapiarekin batera.

Begietan arazoak aurkitzen badira, Izpi Optikan terapia bisuala egiten da. Eginkizun hori Gentzane Garciaren esku dago —Visuality ikasketa eta optometria aurreratuaren zentroa—. Hainbat test eta sistemaren bitartez egindako lehen ebaluazioan, bezeroak hobetu behar dituen arloak aurkitzen dira, oztopoak gainditzeko beren ahaleginak norantz bideratu behar dituzten identifikatuz. Irakurtzeko arazoak, begi alferrak eta estrabismoak detektatzen dituzte; horiek dira optikan terapia bisualaren bitartez zuzentzen dituzten arazoak. Konpontzeko ariketa pertsonalizatuak egiten dituzte, begiaren mugimenduak, ikuspegiak eta lateralitateak landuz. Horiek ondo integratuz gero, arazoa erabat kontrolatzera iritsi daiteke bezeroa, Izpi optikako langileen eskutik.

Ikusmen terapiaz gain, entzumen terapia ere egiten dute bertan. Belarria ez da bakarrik entzutea edo ez entzutea. Pertsonak informazioa nola ulertzen duen eta informazio hori nola integratzen duen jakitea ere behar-beharrezkoa da. Entzumen eta ikusmen bideek ondo egon behar dute, garapen normala gauzatu ahal izateko. Terapietan guztia aztertu behar izaten da, baldin eta arazoei aurre egin nahi bazaie.

Lanbidearen eboluzioa

Teknologia berriek aurrerapenak ekarri dituzten arren, begietan arazoak sortu dituzte. Gero eta miopiadun haur gehiago dago. Pantailaren aurrean gertu egoteak, begiari aparteko esfortzua eskatzen dio, eta horrek miopia eragiten du. Umetan miopia ez igotzeko edo gutxiago igotzeko teknika berriak erabiltzen saiatzen dira Orto-Kteknikaren bidez. Gaueko lentillekin lo egin, edota eguneko lentillen bidez, miopia kontrolatzeko lana egiten dute.

Audio zentroa

Optometria zentroa izateaz gain, Izpi Optika entzumen zentroa ere bada. Audio zentroan audiometria lanak ere egiten dituzte. Belarrietako arazoak konpontzen dituzte, eta behar badira belarrietako aparatuak egokitzen dira. Zaratarentzako eta igerilekuetarako tapoiak ere egiten dituzte.

Izpi Optikako adituek eskerrak eman nahi dizkiete herritar eta bezero guztiei, azken hogei urteetan beraiengan izan duten konfiantzagatik. Ikasteko gogoz jarraitzen dute, eta orain arte bezain gertuko jarraitu nahi dute lanean, ikusmen nahiz entzumen arazoak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide