PSE-EEk «udal baliabideen erabilera desegokia» egotzi dio EAJri

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 26a, 12:53

Azkoitiko PSE-EEk kritikatu du Azkoitiko EAJk kaleratu berri duen «udal aldizkarian parte hartzeko aukerarik ez» dutela izan oposizioko udal taldeek.

 

Azkoitiko PSE-EE udal taldeko bozeramailea den Janire Igoak garrantzitsutzat jo nahi izan du, oposizioko taldeek, tartean PSE-EE, azkoitiarren interes, ekimen eta proposamenekin modu positiboan egiten dutela lana. «Azkoitiko Udaleko diru publikoarekin ordaindutako aldizkariak, Udalbatza osoko talde guztien parte hartzea eduki beharko luke», azaldu du Igoak.

Igoak adierazi du «bere jokaerarekin EAJ taldearen udal gobernuak, aniztasun politikoa edota parte-hartzea diren printzipio basiko demokratikoak hautsi ditu». Bestalde, salatu du gainerako udal taldeek Azkoitiaren alde egiten duten lanaren azalpena udal gobernuak galarazi duela. Zentzu horretan, udaleko bozeramaile sozialistak gogorarazi du «aldizkari hori Azkoitiko herritarrek ordaintzen badute, logikoa denez, herritarrak ordezkatzen dituzten talde politiko guztiek» hartu behar dutela bertan parte.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide