Abian da Azkoitia Ezagutzen programa didaktiko berria

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 26a, 11:46

Azkoitiko Udala 'Azkoitia Ezagutzen' izeneko programa didaktiko berria sustatzen ari da. Programa honen helburua da herriaren garapen historikoa ezagutzera ematea, eta 10-12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Xabier Munibe Ikastola eta Floreaga Ikastetxeko 150 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen. Saioak Arazi enpresako hezitzaileek gidatzen dituzte.

 

Azkoitiko Udalak herriaren ondare kulturala eta garapen historikoa ezagutzera emateko helburua du. Egitasmo honen barruan 'Azkoitia Ezagutzen' programa didaktikoa eskaintzen zaie herriko irakasleei, hain zuzen, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin herriaren garapen historikoa lantzeko material egokitua. Programa horren bitartez, ikasleek udalerriko ezagutza sakona barneratuko dute. Horretarako, Historiaurretik gaur egun arte udalerriak izan duen garapena aztertzeko material didaktikoak eskaintzen dira.

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei 'Aztarnak' izeneko atala zuzentzen zaie, Historiaurretik hiribildua sortu arte, eta 6. mailako ikasleei 'Letrak' izenekoa, hiribilduaren sorreratik gaur egun arte. «Baliabide erakargarriak sortu dira Azkoitiko izaerari keinuak eginez: herriko pertsonai esanguratsuak, eraikin eta leku kuttunak, ohitura zaharrak, testigantza, etabar, modu ludiko eta didaktikoan lantzeko helburuarekin», azaldu dute programatik. Adin bakoitzari egokituriko ikas-unitateak garatuz, Azkoitiko ikasleek herriaren ezagutzan sakonduko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide