Zortzi saltokik lortu dute 'Lagunkoiak gara' zigilua

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 21a, 13:44

Azkoitia Lagunkoiak sustatuta, herriko zortzi saltokik eskuratu dute Lagunkoiak gara zigilua. Aurrez, programa batean hartu dute parte. Bertan, kostu txikiko edo kosturik gabeko jardunbideak proposatu zaizkie aholku gisa, euren dendak lagunkoiagoak izan daitezen.

 

Ekimen horren helburua establezimenduak lagunkoiagoak izatea eta toki horiek adinekoen beharretara egokitzeko prozesuan aurrera egitea da, adinekoek bizi diren ingurunean ahalik eta modurik autonomoenean bizitzen jarrai dezaten.

Azkoitian zigilua lortu dute Grieta, Karan eta Andueza arropa dendek, Etxe Deko eta Beatriz Pozo Dekorazioa estudioek, Hazia ongizatea eta belardendak, ETK Informatikak eta Joaquín Isusquiza Zubizarretak.

Merkatariek sekulako ahalegina egin dute saltokia lagunkoiagoa bihurtzeko. Izan ere, adinekoak sarritan zailtasunekin aurkitzen dira establezimendu bat bisitatzerakoan. Dendarientzat, eta bat datoz denak horretan, garrantzitsuena hurbileko eta konfiantzazko tratua ematea da. Normalki tratu pertsonalizatua eta laguntza eskatzen ditu pertsona nagusiak eta horrek fideltasunean eta konfiantzan oinarritutako erlazioa sortzen laguntzen du alde bien artean.

Pertsona nagusiei eskaintzen zaien arreta hobetze aldera, zigilua eskuratu duten saltokiek hainbat neurri hartu dituzte, hala nola, karteletako letra tamaina handitu dute, lupak edo irakurtzeko betaurrekoak erosi dituzte behar dituzten bezeroei uzteko, eserlekuak jarri eserita itxaron edo atseden har dezaten edota langileek erabiltzen dituzten komunak uzteko aukera ahalbidetu.

Merkatariak jakitun dira zenbateraino den garrantzitsua euren papera pertsona nagusiak ulertu eta aintzat hartzeko, mugikortasun, ikusmen edo entzumen arazoak edota narriadura koginitiboa paira dezaketelako kasu batzuetan.

Kanpaina ez da itxita geratu. Interesa duten establezimenduek izango dituzte aukera berriak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide