Euskaraldia

Aurkeztu dute Euskaraldiaren Azkoitiko hamaikakoa

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 21a, 11:52

Euskaraldiarekin bat egin duen hamaikakoa osatu da Azkoitian ere. Genero, adin eta esparru ezberdinetako hamabi herritar erreferentek osatu dute taldea.

 

Helburua da gainerako herritarrak aktibatzea, 11 egunetan 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izateko. Ariketa hori azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da. Euskara Mahaiarekin batera, herritarrak animatzeko eta egitasmoari bultzada emateko konpromisoa hartu du hamaikakoak.

Kontxi Granado, Julene Iturbe, Patxi Larrañaga, Ainhoa Larrañaga, Luis Arregi Ispizu, So Saito, Itziar Urteaga, Eneritz Arrieta, Juan Antonio Beneitez Toño, Isi Sánchez, Josu Irizar eta Jon Perez dira hamaikakoa osatu duten herritarrak. Beste toki batzuetan egin den moduan, hamaikakoa osatzen duten lagunak euskararen enbaxadoreak izango dira, eta ekimenaren berri ematen saiatuko dira parte-hartze arrakastatsua izan dezan Euskaraldiak.

Euskaraldiak jarritako erronka da euskaraz hitz egiteko gaitasun handirik eduki ez arren, zerbait ulertu dezaketenekin euskaraz elkarrekin egitea Ahobizi edo Belarriprest roletako bat hartuz 11 egunez:

Ahobizi zara

Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz.

Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai.

Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jarrerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

Belarriprest zara

Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezaketela eskatu.

Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.

Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jarrerarekin baizik! Dakienari euskaraz hitz egiteko gonbidea egin nahi diozu? Belarriprest zara!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide