Azkoitiko «etxebizitza arazoa arintzeko irtenbidea» alokairua dela azaldu du PSE-EEk

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 21a, 12:53

Pablo Garcia, Janire Igoa eta Pedro Jauregi, Herriko Etxean.

Gaur goizean Herriko Etxean agerraldia egin du Janire Igoa Alderdi Sozialistak Azkoitiko Udalean duen bozeramaileak, eta harekin izan dira Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuordea eta Pablo Garcia Etxebizitzako zuzendaria. Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuari «eskerrak» emateko baliatu du Igoak agerraldia.

 

Janire Igoa PSE-EE udal-taldeko bozeramaileak «etxebizitza-politika berrorientatzea eta udalerrian eraikitzen ari diren etxebizitzetan alokairua sustatzea» eskertu ditu gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko ordezkarien aurrean.

«Alderdi sozialistaren helburua da, alokairuko parke publikoa gehitzera zuzenduko diren ekintza ildoak diseinatzea, eraikuntza berriko etxebizitzen bidez zein inor bizi ez den etxebizitzen bidez», adierazi dute agerraldian. «Politika hori pertsonen benetako premiak betetzera zuzenduko da, eta etxebizitzen alokairua eta birgaitze lanak erraztera bideratuko da», gehitu dute ondoren.

Etxebideko etxebizitza eskatzaileen zerrendetan Azkoitian erroldatutako 304 pertsona edo bizikidetza-unitate daude. Alokairuko etxebizitza publikoa eskatu dute 261 lagunek —%71—, eta erosteko etxebizitzaren alde egin dute 88 lagunek —%29—. «Eskaera horri hainbat jardunen bidez erantzuteko lan egiten ari da Etxebizitza Saila», azaldu du Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuordeak. Ondoren, datu horiek gehiago sakondu dituzte. 304 etxebizitza eskatzaileetatik 175 —%57— kide bakarreko bizikidetza-unitateak dira, eta ia %25ak 30 urte baino gutxiago ditu.

Floreaga, Idiakez Ederra eta Txalon Erreka

Floreagan, 'Teklan', babes ofizialeko eta alokairu sozialeko 30 etxebizitzen obrak 2021. urtearen lehen hiruhilekoan amaitzea dago aurreikusita. Lan horiek ekainean bertan hasi dituzte. Batetik, alokairu sozialeko 14 etxebizitzako bloke bat eraikiko da. Alokabide enpresa publikoak kudeatuko ditu etxebizitza horiek, eta baita eransten zaizkien garajea eta trastelekua ere. Bestetik, erregimen orokorreko babes ofizialeko 16 etxebizitzako beste bloke bat egingo da. Azalera-eskubidean transmitituko dira etxebizitza horiek.

Ondoren, Idiakez Ederra etxean eraikiko diren babes ofizialeko 14 etxebizitzen inguruan aritu dira. «Aurreikuspenaren arabera, lanak 2022ko lehen hiruhilekoan amaituko dira, eta urte horretako hirugarren hiruhilekoan emango zaizkie etxebizitzak jabeei», adierazi du Jauregik. «Esleipen prozedurari joan den urtean eman zitzaion hasiera, eta hilabete honetan ekin zaie lanei», esan du Etxabizitza sailburuordeak. Visesak esparruaren urbanizazio-proiektua tramitatu eta gauzatzen hasi dela ere jakinarazi dute. «Urbanizazio-proiektu horretan, Aizkibel kaleko espaloiaren trazadura goratuaren zati bat zuzenduko da, baita auzo horretara igotzeko errepidearekiko konexioa ere», aipatu du Jauregik.

Bizigune programa Etxebizitza Sailak kudeatzen du, Alokabide sozietate publikoaren bidez. «Ekimen horretan, alokairu soziala sustatu nahi dugu, eta aurrez dagoen lurzorua baliatu  partikularrek hutsik dituzten etxebizitzak erakarriz», adierazi dute jarraian. Azkoitian, programa horretara zuzendutako 44 etxebizitza mobilizatu nahi dituzte.

Etxebizitza Saila Azkoitiko Udalarekin harremanetan dagoela azpimarratu dute, amaitzeko. Txalon Errekako garapena desblokeatzeko, bi erakundeen arteko etorkizuneko lankidetza-hitzarmen baten sinatzea nahi dute sozialistek. «Lanak martxan jarri nahi ditugu; konbenioa sinatuta dago, eta lanak azkartu behar dira», azaldu du agerraldia amaitzeko Pedro Jauregik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide