Tomas Guembe: «Luxua da Azkoitian Baztartxo bezalako areto bat edukitzea»

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 26a, 11:05

Tomas Guembe Andueza (Azkoitia, 1971) Baztartxo antzokiaren arduraduna da. Familiatik datorkio Azkoitiko zinema aretoa zaintzeko erantzukizuna. Duela hamasei urtetik dihardu Baztartxon lanean, asteburuak joan eta asteburuak etorri, herritarren eta ingurukoen denbora librean filmak, antzerkiak eta bestelako kultur ekintzak ematen. Herritarren ohiturak aldatu badira ere lana ondo daramala azaldu dio Maxixatzeni.

 

Noiztik zara Baztartxoko arduraduna?

Gure familiak garai batean Gurea pilotalekua kudeatzen zuen, eta 1991n, Baztartxo berritu zenean, inork ez zuen Baztartxo hartua. 1992an, udalak lehiaketara atera zuen antzokia, eta orduz geroztik hemen lan egiten dugu. Hasierako garai haietan, proiektatze lanetan beste pertsona bat aritzen zen. Nik garbiketa, mantentze lanak eta bestelakoak egiten nituen. Dena zen desberdina.

Orain zein dira zure eginbeharrak?

Orain ere arduratzen naiz mantentze lanez eta garbiketaz. Halaber, filmen arduraduna, leihatilako arduraduna eta antzerkia egiteko egin behar izaten diren lanen kudeatzailea naiz. Filmak ere hautatu behar izaten ditugu. Baztartxon lau pelikula botatzen ditugu hilero. Zerrenda bat izaten da, eta zerrenda horretatik hurrengo hilabeterako pelikulak aukeratu behar izaten ditugu. Arazoa da lau bakarrik aukeratu behar izaten ditugula. Zaila izaten da aukeraketa egitea, eta hilabete lehenagoko epean izanda, gainera, zailagoa.

Ikus-entzunezkoak Internet bidez gehiago kontsumitzeko joera hartu du gizarteak. Nabaritu al da aldaketa hori?

Azken urteetan zinea asko jaitsi da. Jendeak orain etxean du nahi duen guztia ikusteko aukera, eta Baztartxora etorri aurretik etxean ikusten du; diru kontuagatik ez dut uste. Zinea ez da garestia: bost euro da ohiko egunetan, eta hiru euro ikuslearen egunean eta haurren filmetan. Ez dut uste BEZaren igoerak eraginik izan duenik. Ohiturak aldatu dira; lehen, zapatuan parranda egin eta igandean zinera joatea zen asteburuko plana.

Nolako etorkizuna ikusten diozu Baztartxori?

Baztartxo udalarena delako mantentzen da, hori argi dut nik. Dituen gastuekin eta ateratzen den diruarekin, zinea ez dago aurrera eramaterik. Jendea etortzen da, ordea; jende finkoa dago igandero-igandero zinera etortzen dena.

Baztartxon milaka film, antzerki, kontzertu eta abar eman dira. Zeinek harritu zaitu gehien?

Hainbeste urtean ekitaldi asko izan dira hemen. Lehen orain baino gehiago ematen ziren. Orain, udala hasi da pixka bat antzerkia-eta bultzatzen. Lehen gauza askoz gehiago izaten ziren, halere. Antzerki munduan, Foru Aldundiak Maiatza Dantzan jaialdia antolatzen zuen, eta hura prestatzeko muntaketa lanak beldurgarriak izaten ziren. Kataluniatik-eta etortzen ziren konpainiak indartsuak izaten ziren; txinatarrak ere etorritakoak dira gurera. Zinea, berriz, ez dela aldatu esango nuke.

Zein ekintzak ekarri du jende gehien Baztartxora?

Filmei dagokienez, Arenas blancas izenekoarekin gogoratzen naiz; ez zen beste munduko film bat, baina euria gogotik egin zuen, eta aretoa goraino bete zen. Titanic filmarekin ere jende asko etorri zela gogoratzen naiz. Lo imposible filmean, orain dela ez aspaldi, jendetza elkartu zen. Pelikula horiek jendeak derrigor ikusi beharrekoak izaten dira, hitzetik hortzera zabaltzen direlako. Jendearen esanak eta eguraldiaren gorabeherak eragin handia dute: euria egiten badu, jende gehiago etortzen da Baztartxora. Punta-puntako filmak egon izan dira, jendea erakarri dutena, baina umoristekin, Leo Harlemekin esaterako, antzokia bete egin zen.

Zer gustatzen zaizu gehien zure lanetik?

Antzerkiko muntaketa lanak asko gustatzen zaizkit. Filmekin egin beharrekoa ere asko gustatzen zitzaidan; lehen gehiago orain baino. Orain, filmak digitalak direnez, lan gutxiago egin behar izaten da.

Analogikotik digitalera. Zer-nolako aldaketa izan da?

Analogikoaren garaian, pelikula guztiak ikusi behar izaten genituen pantailan bota aurretik. Bobinetan etortzen zen film bakoitza, eta, hasierak eta amaierak kontrolatzeko, guztia ikusi behar izaten zen. Soinu banda ere alde batera edo bestera jarri behar izaten zen. Orain ez dago hori guztia egin beharrik, ez eta filmak aurrez ikusi beharrik ere. Digitalaren garaian gaude orain: disko gogor batean bidaltzen dizkigute filmak, hura kargatzen dugu, eta kode bat bidaltzen digute filma aktibatzeko, eta, kodea sartuta, martxan izaten dugu dena. Lehen egiten zen lana atseginagoa zen.

Baztartxo 1991n inauguratu zuten, San Andres egunean. Nolako aldaketak izan ditu hamasei urte hauetan?

Analogikotik digitalerako jauzia derrigorrean egin beharreko aldaketa zen, gaur egun ez baitago pelikula analogikorik; hura egin zen. Horrez gain, teilatua konpondu zaio, eta oholtzako lurra ere aldatu da. Bestelakoan, hasieratik dagoen bezala dago antzokia.

Nolakoa da besteen aisialdian lan egin beharra?

Ondo daramagu. Asteburu denak hemen pasatzen ditugu, eta astegun gehienak ere bai. Astegunetan garbiketa eta mantentze lanak egiten ditugu. Entseguak edo antzerki eskolak ere hemen izaten dira askotan. Beti adi egon behar izaten da, baina azkenerako ohitu egiten da.

Nola ikusten duzu herriko kulturzaletasuna?

Kultura aldetik, Azkoitian nahikoa ekintza antolatzen dira; Baztartxorako modukoak, ordea, gutxi. Gure antzokia handiegia da, jendea hona etortzea kostatu egiten da, eta, beraz, areto hotza da. Esaterako, antzerkietara Azpeititik jende gehiago etortzen da. Kontzertuetarako, berriz, ez da egokia. Aulkiak daude, eta giroa ere hoztu egiten du horrek.

Zerk egiten du berezi Baztartxo gainerako aretoekin alderatuta?

Irudia eta soinua oso onak ditu, eta aulkiak oso erosoak dira beste aretoekin alderatuta. Beste aretoetan, agian, aukera handiagoa dago filmak ikusteko. Azkoitian Baztartxo bezalako areto bat edukitzea luxua da. Baztartxora lehen aldiz etortzen direnek gauza bera esaten digute: harrituta gelditzen dira dugun agertokiarekin eta, oro har, aretoarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide