Sammic enpresa euskal gastronomiaren eta estatubatuarraren arteko zubilanetan

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 7a, 12:20

Ostalaritzako makina ekoizlea den Azkoitiko Sammic enpresak "Kitchen Bridge Ambassador Program" egitasmoa jarri du martxan. Programa horren baitan, Estatu Batuetako sukaldaritzako zenbait profesional Euskal Herrira etorriko dira, eta, bertan, hiru eguneko egonaldia egingo dute tokiko sukaldeko kultura eta gastronomia ezagutuz.

 

Ekainaren 14tik 16ra, hainbat ekintza egingo dituzte Urola Kostako eta Donostialdeko zenbait lekutan. Esate baterako, Azkoitian, Azpeitian, Aian, Getarian eta Donostian izango dira.

Sukaldaritza munduko zubiak sortzeko asmoz, Kitchen Bridge Ambassador Program —sukaldaritzako zubiak ingelesez— programa jarri du martxan ostalaritzako makina ekoizlea den Sammic enpresak, Bartzelonako Mibrasa konpainiarekin elkarlanean. Egitasmo horren baitan, Estatu Batuetako sukaldaritzako hainbat profesional Euskal Herrira etorriko dira, eta bertan, hiru eguneko egonaldia egingo dute tokiko sukaldeko kultura eta gastronomia ezagutuz. Horretarako, sukaldaritzako hainbat ekintza egingo dituzte gonbidatuek, eta ekintzotan Euskal Herriko sukaldari ezagun batzuk, Enrique Fleischmann eta Martin Berasategui esaterako, izango dituzte anfitrioi.

Programa hori, Sammicek eta Mibrasak elkarlanean sortutako marketineko ekimena da, eta Estatu Batuetan barrena bi marka horiek ezagutaraztea eta influentzia duten pertsona desberdinekin enbaxadore sare bat osatzea du helburu.

Ekainaren 14tik 16ra bitartean, Euskal sukaldaritzako eta gastronomiako alderdi desberdinak ezagutzen arituko dira Urola Kostako eta Donostialdeko hainbat lekutan. Esate baterako, Basque Culinary Center eskolara bisita bat, Donostiako Bretxa merkatua ezagutu, Azpeitiko Basazabal elkarte gastronomikoan bazkaldu, Azkoitiko Sammic fabrika ikusi, pintxo lantegia Donostian, Txoko Getaria eta Lasarteko Martin Berasategi jatetxeetan otordua, Getariako Maisor artisau kontserbak ezagutu, Aiako K5 txakolindegian dastaketa, pintxo ibilbidea eta abar egingo dituzte.

Lehen edizio horretan, zortzi gonbidatu estatubatuar etorriko dira Gipuzkoara, horien artean aipagarrienak Josiah Citrin, Paul Kahan eta Ilan Hall chef ezagunak izango dira. Hain zuzen ere, Josiah Citrin Los Angeleseko bi Michelin izar dituen Melisse jatetxe ezaguneko nagusia da. Paul Kahan, berriz, moda modan dagoen Chicagoko sukaldaria da, James Beard Award saria jasota, elkarrengandik oso desberdinak diren 12 jatetxeren jabea da. Eta, azkenik, Ilan Hall New Yorkeko telebista izarra da, Top Chef telebista programako bigarren edizioa irabazi ondoren beste hainbat telebista programetan aritu izan da. Sukaldari ezagunez gain, Los Angelesko, Las Vegasko eta Chicagoko hiru sukalde diseinatzaile ezagun eta eragingarri ere etorriko dira. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide