Miren Lourdes Alberdi: «Etortzen zaizkidan bezeroei denetik erakusten saiatzen naiz, gustukoa topatzeko»

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 9a, 10:00

Miren Lourdes Alberdi Alberdi (1957) herrian ‘Putre’ esaten zaion Alberdi mertzeriaren jabea da. 100 urte inguru ditu dendak, eta haren hirugarren belaunaldikoa da Alberdi: aitona-amonek ireki zuten, ondoren izekok jarraitu zuen negozioarekin, eta orain berak eusten dio. Barruko arropen joerak aldatu egin direla dio: orain, likrazkoak eta kolore bizikoak saltzen dira gehien.

 

Baditu urte batzuk Alberdi mertzeriak; nork ireki zuen?

Gure aitona-amonek ireki zuten ezkondu zirenean, eta 100 urte inguru izango ditu. Haiek denda ireki zutenean tela bakarrik saltzen zuten, orduan asko josten baitziren arropak. Gerora, mertzeriako materiala dendara ekartzen hasi ziren pixkanaka, eta azkenean mertzeria bihurtu zen.

Zein mertzeria egon dira Azkoitian?

‘Txanboli’ eta ‘Euzkitze’ mertzeriak egon ziren garai batean, baina itxi ziren. Eta gaur egun hiru mertzeria daude irekita herrian. Herriko mertzeria zaharrena da gurea. Nik bi urte barru hartuko dut erretiroa, eta irrikaz nago. Ea ordura arte eusten diodan negozioari. 18 urterekin hasi nintzen dendan laguntzen eta urte asko egin ditut lanean.

Lan gogorra al da?

Ez, gogorra ez. Baina salmentak asko jaitsita daude, eta iraun egin behar da. Horregatik, falta zaizkidan justuko gauzak ekartzen ditut.

Bestalde, dendan orduak bakarrik pasatu beharra egiten zait zailena. Lehen, ama eta anaia etortzen zitzaizkidan bisitan. Baina orain bakarrik gelditu naiz. Arratsalde askotan egoten naiz saltoki kanpoko eserlekuan eserita, jendearekin hitz eginez errazago joaten direlako orduak. On Joaquin apaizak behin hau esan zidan: «Miren, erregeek ere ez dute hain parean edukitzen eserlekua» [barrez]. Niri jendearekin tratua izatea gustatzen zait dendan. 

Krisia antzeman al duzu?

Bai, bai; urte txarrak pasatu dira. 2000. urte inguruan asko jaitsi zen negozioa. Gainera, herriko beste mertzeriak ireki zirenean ere asko antzeman nuen salmentan. Baina, tira, poliki-poliki mantendu egin da behintzat.

Zer daukazu dendan?

Denetik. Emakumezkoen barruko arropa dut, batez ere. Baina, horrez gain, kamisoiak, pijamak, galtzetak eta haria ditut, besteak beste.

Zein dira zure bezero nagusiak?

Adinekoak eta emakumezkoak. Gazte batzuk ere etortzen zaizkit eta sekulako poza hartzen dut. Etortzen zaizkidan bezeroei denetik erakusten saiatzen naiz, gustukoa topatzeko. Ikusi eta etxean probatzeko ere uzten diet arropa. Horretan lehengo eran jarraitzen dut. 

Denda berritu beharrik izan al duzue 100 urtean?

Bai; 1983an uholdeak izan zirenean berritu genuen. Dena txikituta gelditu zen. Uraren indarrak atea ere txikitu zuen, eta dena barrura sartu zen. Goizaldera sartu zen ura, baina bezperan ikusten genuen uraren maila oso altua zela, eta badaezpada gauza guztiak goiko bizilagunaren etxean jasota utzi genituen; eta eskerrak.

Zerbait aldatu al da barruko arropan?

Bai; kalitatean, esaterako, lehen barruko arropa kotoizkoa izaten zen; eta gaur egun, aldiz, likrazkoa. Koloreak ere asko aldatu dira. Lehen zuria eta azal koloreko barruko arropa saltzen zen; orain, ordea, beltza eta kolore biziak saltzen dira. Gainera, modeloa ere aldatu da. Lehen kuleroak, adibidez, tiro altukoak ziren, baina 1970. urtetik aurrera-edo, tangak asko saltzen hasi ginen.

Lehen, berriz, pentsatu ere ez zen egiten halakoak janztea. Gizonezkoentzat, berriz, lehen hanka gabeko kotoizko galtzontziloak saltzen ziren, eta orain likrazko hankadunak saltzen dira gehienbat.

Ba al dago Putren beste mertzerietan aurkitzea zaila den zerbait?

Kulero eta galtzontziloen taila agian. Lehen 60ra arte edukitzen nuen, eta orain 64 eta 68 zenbakiak ere izaten ditut. Batzuk esaten didate: ‘Honaxe etortzen naiz, beste inon ez dudalako topatzen taila hau’. Denetik edukitzen saiatzen naiz dendan, ez baitago jakiterik zerekin asmatuko duzun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide