Gogoeta bat

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 8a, 09:06

Azkoitian jaiotako pertsona heldu bat naiz eta oso gustukoa dudan herri horretan bizi izan naiz beti. Gaur egun, ordea, kezka bat daukat: Zer izango da nitaz urteak pasatzen doazen heinean? Senarra, seme-alabak, bilobak, anai-arrebak, lagunak… ditut, baina aurrerantzean, bere momentua iristen denean, beraien menpekotasunean ez dut bizi nahi. Beraz, nire zahartzaroa nolakoa izango da?


90 urtetara geroz eta jende gehiago iristen da, eta ez dakit neu nola egongo naizen urte batzuk barru. Oso garbi daukat ‘bakardadean’ ez dudala bizi nahi eta ezta neure kabuz amaiera ematea ere neure bizitzari. Gelditzen den aukera bakarrenetako bat ‘adineko pertsonentzako egoitza’ dela ikusten dut.

Azkoitian, San Jose Egoitza daukagu, eta, denok dakigun bezala, Santa Kutzean kokatuta dago. Herriko aginte ordezkariek zer diote? Zenbateraino dakite egoitza horri buruz? Nik dakidana da, ez dela hainbeste urte egoitza herri erdian zegoela, permuta bat egin zela eta adinekoak herritik urrunduak izan zirela.

Gaur eguneko egoitza herriaren izenean egin zen, baina ez guztien gustura, aparte gelditzen baita. Garraioaren erabileraren menpean gelditzen da jendea, bai bertan bizi direnak, bai bertara gerturatu nahi dutenak. Gainera, ez dakigu herriak egin zuen egoitza hori gaur egun zergatik dagoen enpresa pribatu baten eskuetan, ez baitago irabazi asmorik gabe lan egiten duen enpresa pribaturik.

Bertako langileei galdetuko nieke: ‘Gustura al zaudete zuen egoerarekin?’, Bertako bizilagunek merezi duten zerbitzu onenean daudela iruditzen al zaizue?’. Ziur nago asko duzuela esateko.

Tarteka egindako bisitalditxo batean edo festako egun berezietan ‘ondo’ daudela ikusteak ez du gehiegi esan nahi beren benetako egoeraz. Horretarako, eguneroko jarraipena egin beharra dago; nire ustez, gutxienez, hiru bat hilabetetan, eta ondoren, aztertu ea norbera gustura egongo al litzatekeen egoitza barruko bizitzaren antolamenduarekin.

Denok dakigu luzaroan bizitzeak zahartzaroa dakarrela, eta gero eta jende gehiago dago hirugarren adineko sektorean. Erdi bidean gelditzen ez bagara, denok iritsiko gara aro horretara, eta ez litzateke gaizki egongo iritsi aurretik  kontuan izatea gure hirugarren adin hori kalitatezkoa izateko aurrez zer neurri hartu behar ditugun.

Nire gogoeta orain zuen eskuetan gelditzen da.


M.E

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide