Donostiari hiru eta huts irabazita, final laurdenetan da Azkoitia

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 26a, 01:23

Hiru eta huts menderatu dute bart Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotariek Donostia, Gurea pilotalekuan. Kadete eta senior mailetako partidak gogorrak izan badira ere, aurrera atera dituzte azkoitiarrek. Gazte mailako partida, erosotasun handiagoarekin irabazi zuten herritarrek. Joanekoan bat eta bi irabazi zuten azkoitiarrek, eta atzo hiru eta huts.

Kadete mailan Mikel Aranbarrik eta Joritz Astigarragak jokatu zuten, eta 22 eta 16 gailendu ziren gazteenak. Gazte mailan, Jon Oteizak eta Jagoba Urangak ordezkatu zuten Azkoitia, eta 22 eta 8ko emaitzarekin ziurtatu zuten Azkoitiaren presentzia final laurdenetan. Alex Juaristik eta Julen Oñederrak jokatu zuten kanporaketako azken partida, eta 22 eta 19 nagusitu ziren. Hernani-Altzo kanporaketako irabazlearen aurka aritu beharko dute azkoitiarrek datozen bi asteburuetan. Altzon jokatutako joaneko partidan bat eta bi nagusitu zen Hernani.

Gomazko paletako partidak, arratsaldean

Gomazko paletan, berriz, final laurdenetako partidak jokatuko dituzte azkoitiarrek. 16:30ean hasiko da kanporaketa, Hernaniren aurka. Amasa-Billabonaren aurka jokatutako partida guztiak irabazi zituzten azkoitiarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide