Sostenipek deitutako elkarretaratze jendetsua, Iruñeko erasoaren egileei ezarritako zigorra salatzeko

Maxixatzen.eus 2018ko api. 26a, 21:37

Gaur, osteguna, jakinarazi dute 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak, eta bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari. Horretaz gain, bi hilabetez eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute lapurretagatik.

Epai hori salatzeko, Sostenipe mugimendu feministako kideek deituta, dozenaka lagunek protesta egin dute gaur arratsaldean, herriko plazan, "Erasorik ez, erantzunik gabe!", lemapean. 

 

Sexu eraso delituagatik absolbitu dituzte auzipetuak. Horrek esan nahi du epaimahaiak ez duela frogatutzat jotzen indarkeria egon zenik. Intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta delituengatik ere absolbitu dituzte.

 

Sostenipeko kide batek testu hau irakurri du gaur arratsaldeko elkarretaratzean:

"La manadan bortxaketaren sententzia ezagutu eta gero, hemen gauden denok bezala, amorrua sentitu duen pertsona batek testu bat helarazi digu eta aproposa iruditu zaigu gaurkoan herritarrokin elkarbanatzeko.

ABUSUA SISTEMA JUDIZIALARENA DA!

La manadako bortxatzaileen kontrako epaia entzun eta amoru eta inpotentzia nagusi ditudala, Azkoitin azken hilabeteetan bolo-bolo entzun dudan esaldi baten inguruan hausnartu beharrean gaudela uste dut.

ZERGATIK EZ ZUEN JUDIZIALKI SALATU BORTXAKETA? Gaur bertan jaso dugu erantzuna. Sistema judizial patriarkalak ez gaituelako inoiz ez babestuko, ezta bortxaketaren ondorioen zulotik ateratzen lagunduko ere.

Salaketa ez da gizarteak erasoa sinesteko eman beharreko pausu bat. Salaketa soilik sistema judizialak beste tresna batzuen artean eskaintzen digun aukera bat da. Ez dugu ahaztu behar egun berean gaueko liskar bat terrorismoa dela esaten duen bitartean, bost gizonek neska bat bortxatzea abusua dela esaten duen sistema bati buruz ari garela. Batzuei 9 urteko zigorra eta besteei 12 eta 62 urte bitarteko kartzela zigorra. Sistema honetan jarri behar al dugu gure konfiantza? Honek lagunduko al digu?

Ez dut zalantzan jartzen salaketak kasu batzuetan erasotuaren egoera hobetzeko balio dezakeenik. Baina ziur nago, kasu gehienetan ez dela erasotuak behar duena. Gainontzeko herritarrei balio digu, dagozkigun ardurak hartu beharrean pilota besteen teilatu gainean jartzeko.

Eraso matxista jasan dutenek behin baino gehiagotan azpimarratu dute jasandako miña dela sendatu nahi dutena. Eta hor besteok asko dugu egiteko. Eraso aitortu, salatu eta erreparatzeko eskubidea da aldarrikatu behar duguna.

Azkoiti bezalako herrietan errazagoa da ardurak hartu beharrean erasotuak egin behar zuenaren inguruan txutxu mutxuka jardutea. Beti egin izan du patriarkatuak berdina, erasotzailea epaitu beharrean, erasotua epaitzea (epaiketan garbi ikusi da “erresistentziarik jarri al zuen?, ohiurik atera al zuen? Plazerrik sentitu al zuen? Ondoren bizi normalizatua eraman al zuen? Ez al dago etxean sartuta?.... erasotua epaitu dute!!!

Guk ere ordea berdina egiten dugu.....Andramaxetako bortxaketa publikoki lekuko batek salatu ondoren, zein jarrera hartu dugu? Zenbat aldiz entzun dugu galdera berdina? Zergatik ez zuen salatu? Zertarako erabiltzen dugu salaketarik egon eza? Guk posizio firme bat hartzeko aitzakia gutxiago izateko? Edo zertarako? Epaiketa sozial publiko eta mediatiko luze bat jasateko? Behin eta berriro sistemaren biktima bihurtzeko? Mina sendatuko ez digun prozesu luze eta neke bat irekitzeko? Bost gizonek 18 urteko neska bat bebarru batera sartzera behartu, behin eta berriro bortxatu eta indarkeria eta intimidaziorik ez dagoela entzuteko?

Ez hoixe! Gure teilatuan dago eraso matxistekin amaitzeko pilota. Duela gutxi Glaukomak Azkoitiko

plazan aldarrikatu zuen bezala “izan ausarta!, hartu posizioa!” Guretzat zen mezua! Izan gaitezen ausart eta bazter ditzagun bortxatzaile eta erasotzailek. Inoiz baino ozenago emakumeen arteko elkartasuna eta autodefentsa feminista aldarrikatu behar ditugu! Alda dadila bandoz beldurra eta baita gure jarrera ere!

NIK SALAKETARIK GABE ERE SINESTEN DIZUT! GUK SALAKETARIK GABE ERE SINESTEN DIZUGU!

GORA BORROKA FEMINISTA!

GORA AUTODEFENTSA FEMINISTA!"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide